"Ahalik eta jarduera gehienari eusteko", "paktu sozial" bat eskatu du Confebaskek

Ekoizpenarekin ahalik eta neurri handienean segitu ahal izateko "agente sozialen arteko paktu soziala" galdegin du Confebaskek, eta Eusko Jaurlaritzak "ahalegin kolektiboa" eskatu du, fabriketako "sua" piztuta mantentzeko. 650 enplegurako erregulazio txosten aurkeztu dituzte enpresek Hego Euskal Herrian, eta sindikatuek salatu dute "enpresen gehiekieriak" errazteko agertokian aurkitzen garela. Lantegi ugarik itxi dituzte ateak aste honetan.
Argazki Nagusia
Roberto Larrañaga eta Eduardo Zubiaurre, Confebask. Argazkia: Confebask
2020ko martxoaren 19a

Covid-19 birusaren hedapenaren harira ezarritako alarma egoera indarrean da oraindik, eta gatazkak modu bizian hartu ditu Hego Euskal Herriko lantokiak ere. 650 erregulazio txosten inguru martxan diren honetan, Berria-ren arabera, 10.000 langilek baino gehiagok bizi ditzakete horien ondorioak. Nafarroako Gobernuak datu zehatzak jakinarazi ez baditu ere, zehazki 552 txosten aurkeztu dituzte enpresek Eusko Jaurlaritzan.

Fabrikak zarratzeak erraztu egin du enplegu erregulazioak abiatzea eta Gizarte Segurantzan jasotako kotizazioak bertan behera uztea, eta ELAk salatu duenez, modu horretan, "enpresen gehiegikeriei" bide emateko agertokian aurkitzen gara egun. LABek adierazi du "berriz" beharginek jasango dituztela krisialdi honen helburuak, eta CCOOk, instituzioei eskatu die koronabirusarekin harremana izan dezaten erregulazio txostenek.

EKOIZPENA AURRERA?

"Ahalegin kolektiboaren" beharra galdeginez, lantokietan "gutxieneko jarduerarekin" segitzearen aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez. Fabriketako "sua" piztuta mantentzea eskatu du.

Patronalak ere bat egin du horrekin; Confebaskek irmoki azpimarratu du ekoizpenarekin jarraitu beharra dagoela, baina ez soilik beharrezkotzat jo diren sektoreetan: "ahalik eta jarduera gehienari eutsi" behar zaiola dio.

PAKTU SOZIALA

Horretarako, akordio bat erdietsi nahi du sindikatuekin, besteak beste, azken egunetan hainbat fabrikatako ekoizpena eten dela kontuan izanik. Jarduna gelditu ez dadin, "agente sozialen arteko paktu sozial" bat eskatu du Confebaskek eta hura osatzen duten erakundeek; hain zuzen, Adegik, Cebekek eta Seak.

"Erantzukizun ariketa bat da hau, euskal gizarte osoari dagokiguna. Industria-jarduerak erabat bertan behera uzteak egoera horren ondorio ekonomikoak eta enplegu-ondorioak aurreikusi gabe larriagotzea baino ez luke ekarriko", adierazi du Confebaskek.

FABRIKA UGARI ITXITA

Aste honetan, Hego Euskal Herriko hainbat lantegitako ekoizpena eten dute langileek, Covid-19aren kutsatzeari aurre egiteko neurrien faltan. Esaterako, itxita daude Sidenorren Gasteizko (Araba) eta Basauriko (Bizkaia) fabrikak, Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos eta Berantevillako (Araba) Aernnova, Beasaingo (Gipuzkoa) eta Irungo (Gipuzkoa) CAF, Gasteizko (Araba) Mercedes Benz, edota Landabengo (Nafarroa) Volkswagen.