4.300 enplegu erregulazio txosten baino gehiago jarri dituzte martxan Hego Euskal Herrian

Dagoeneko 4.300 enplegu erregulazio prozedura jarri dituzte martxan enpresek EAEn eta Nafarroan, koronabirusaren krisia dela-eta. EAEn, guztira, 28.000 langileren lanpostuak daude jopuntuan.
Argazki Nagusia
Gasteizko Mercedes-Benz fabrikako muntaketa-katea.
2020ko martxoaren 21a

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken orduotan adierazi dutenez, enpresek 4.300 enplegu erregulazio txosten -ERTE modura ezagunak- jarri dituzte abian azken astean. Zehazki, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 3.382 txostenetaz baliatu dira enpresak lan kontratuak eteteko; Nafarroan aldiz, gobernuak oraindik datu zehatzik eman ez duen arren, berriki aztertutako 300 prozeduratan guztira 5.000 langile kanporatzea izango litzateke xedea.

EAEko hiru lurraldeen barruan, Bizkaian osatu dituzte erregulazio dosier gehien: 2.029 txosten eta 17.823 langile kanporatze. Gipuzkoan 868 txosten aurkeztu dituzte, 5.947 lan eteterekin, eta Araban, 485 txosten eta 5.076 kaleratu jarri dituzte mahai gainean.

Hala ere, aipatzekoa da azken lurralde horretan sortu dituztela erregulazio txosten handienak. Azken astean, Michelin enpresak 3.300 langile kaleratzeko prozedura aurkeztu du; oraingoan, Mercedes Benzek -EAEko lantegi handiena- prozedura berari ekiteko asmoa iragarri du. Gainera, enpresa horiek "ezinbesteko" izaerarekin tramitatuko dituzte dosierrak, enpresei honako onurak ekartzen dizkiena: langileen %70eko kotizazioa ez ordaintzea, kalte ordainak aurreztea, eta erregulazio txostena langileekin negoziatu behar ez izatea.

ALDAKETAK ETA ESKU HARTZEAK

Espainiako Estatuan zein Frantziako Estatuan, salbuespen egoeraren barruan, martxan jarri dituzte askotariko sektoreei eragiten dieten neurriak, gobernuei lan baldintzetan zuzenean esku hartzeko bide egiten dietenak. Esaterako, Frantziako Gobernuak beharginen atsedenaldietan zein asteko gutxieneko lan-orduetan aldaketak egiteko aukera izango du, eta Espainiako Gobernuak, dagoeneko ekin die aldaketa horiei; esaterako, bertan behera utzi ditu garraiolarien atsedenaldiak eta gidatu ahal duten ordu kopuru maximoa.

Bestalde, izatez lantokiak langileen segurtasuna bermatzeko gutxieneko neurri batzuk ezartzera derrigortuta badaude ere, ez da hala gertatu kasu ugaritan. Dena den, adibidez EAEn, Eusko Jaurlaritzak lanpostuetara itzultzera behartu ditu hamaika behargin.

Lantegietan kaleratzeak, lan eskubideen urraketak edota segurtasun neurri hutsalak nagusi diren honetan, Confebaskek "agente sozialen arteko paktu sozial" bat galdegin du, ekoizpena geratu ez dadin.