AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Larunbatean Bilbon eta Iruñean 10.000 pertsonatik gora elkartu ziren faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Mobilizazio esanguratsuak dira, ez baita erraza mugimendu politiko batek hainbeste jende ateratzea kalera. Are gehiago kontuan izanda Mugimendu Sozialista mugimendu politiko berri bat dela, urte gutxiko ibilbidea duena. Urtero jende gehiago biltzen duen mugimendu bat da, eta hazkundearen izaera kualitatiboa da. Izan ere, gazteen artean mugimendu komunista bat erreferente bilakatzea ez da bat ere erraza, eta jendea batzea, gehienetan, aurrez egindako lan ideologikoaren emaitza da, ez inertziazkoa edo desideologizatuta ere. Horrenbestez, urtarrilaren 31koaren moduko mobilizazio bakoitza aurrerapauso bat da, kuantitatiboki eta kualitatiboki.

Non daude gako nagusiak? Urteetan egindako lan militantearen poderioz, Mugimendu Sozialista jende askoren artean gero eta ezagunagoa izatean, batetik, eta lan militantearen nolakotasunean, bestetik. Lehenengoari erreparatuta, jende heldu andana bildu zen larunbateko bi manifestazioetan, eta hori mugimenduaren influentzia geroz eta handiagoaren emaitza da. Presentzia irabazten ari da egunez egun, kalean, lantegietan, hedabideetan edo sareetan, eta horrek badu bere eragina. Bigarren elementuari erreparatuta, gazteen artean lan-dinamika aproposa jorratzen ari da GKS. Sare sozialen erabilera apropos bat, kaleko agitazio-kanpaina oso handi bat eta, batez ere, ahoz ahoko lan ideologikoak eragin du milaka gazte mobilizazioetara joatea; eta garrantzitsuagoa dena, tesi komunistak zein antifaxistak beren egitea. Hori kontrajoera nabarmena da faxismoak ordezkatzen duen irrazionalismoaren kulturarekin alderatuta. Gazteen artean faxismoaren hazkundea blokeatzeko bide-orri bat ardazten digu. Aipatzekoa da, gainera, GKS geroz eta antolakunde nazionalagoa dela, hau da, geroz eta proportzionalagoa lurraldean, manifestazioaren dinamika jarraitu dutenek nabarituko zuten modura. Hori, eta aurrez politizatu gabeko gazte-belaunaldietara iristeko ahalmena duten diskurtsoa eta praktika dituztela GKSk eta IASek, euskal zein erdal hiztunen artean. Bide handia dago jorratzeko, baina potentziala itzela da.

Zein erronka dituzte hemendik aurrera GKS eta IAS gazte- eta ikasle-antolakundeek? Lehenik eta behin, gazte-sektoreen artean kontzientzia antifaxista eta antikapitalista hedatzen jarraitzea. IASek aste honetan deitu ditu mobilizazioak otsailaren 26rako, faxismoaren eta gerraren aurka. Urrats bat gehiago izan daitezen faxismoa eta estatuen autoritarismoaren aurkako kontzientzia aktibatzeko. Horrez gain, gazteak elkartu eta kontzientzia politikoa pizteko espazioak sortu eta horiei dinamismoa ematea ere egiteko garrantzitsua da. Izan ere, kapitalismoa eta faxismoa indibidualismotik zein atomizaziotik indartzen dira, eta komunismoak, aldiz, eztabaida pausatua eta elkarguneak behar ditu. Gazteen artean olatu antifaxista eta komunista hedatzen jarraitu dezagun, asko dago egiteko eta.

EZ DAGO IRUZKINIK