AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Periódico
2023/07/05 09:18

Berriki jakinarazi dutenez, joan den asteburuan, beste gizon gazte bat erail dute polizia-indarrek Frantziako Estatuan. Marseillan izan da hilketa, poliziak Nahel erail ostean piztu eta hedatu diren protestetan.

Larunbatetik iganderako gauean, poliziak gomazko pilotak jaurti zituen manifestarien kontra Marseillan eta, itxura denez, pilota horietako batek jo zuen 27 urteko gazte bat, bularraldean. Horren ondorioz galdu zuen bizia, ospitalean. Antza, polizia oldartu zen eremuetako batetik motoan igarotzen ari zen mutila.

Atzo ireki zuen ikerketa judiziala Marseillako fiskaltzak eta, oraingoz, adierazi du "litekeena" dela gaztea "kolpe bortitz" baten ondorioz hil izana, "jaurtigai baten tiroak eragindakoa". Flash ball pilotak erabili zituen poliziak; teorian, poliziaren "defentsarako balak" dira. 

3.500 atxilotu

Astebete igaro da poliziak, Nanterren jarritako kontrol batean, 17 urteko gazte bat erail zuenetik: autoa geldirik mantentzeari uko egin zion mutilak, eta horregatik erabaki zuen polizia-agente batek, odol hotzean, bere kontra tiro egitea eta hiltzea.

Ordutik, etengabeak izan dira polizia-bortizkeriaren eta arrazakeriaren aurka Frantzia osoan zehar zabaldutako protestak: milaka eta milaka pertsona, nagusiki gazteak, kalera atera dira protesta egitera. Estatuak autoritarismo- eta errepresio-kolpez erantzun du beste behin ere: 45.000 polizia-agente inguru mobilizatu ditu (eliteko unitatea tartean), etxeratze-aginduak inposatu eta mobilizazioen kontrako debekuak ezarri ditu hainbat gunetan... Azken astean, 3.500 lagun inguru atxilotu dituzte protestetan.

EZ DAGO IRUZKINIK