Ermuan (Bizkaia) ertzain batek adin txikiko pertsona bati egindako erasoa ikerketapean dago Ertzaintzako Barne Auzien Sailean. Uztailaren 5ean izan ziren gertakariak, elDiario.es-ek azaldu duenez: gaztea patinete elektrikoan zihoan Ermuako kaleetan barrena, eta kontrako noranzkoan omen zihoala argudiatuta exijitu zioten ertzainek gelditzeko. Bertsio polizialaren arabera, mutila ez zen geratu, eta horregatik jo zuten bere kontra poliziek.
Ez dute argitu nola, baina aitzakia horrekin gaztea geldiarazi eta atxiki zuten ertzainek, eta momentu horretan eraso zion mutilari agenteetako batek. Hori gutxi balitz, adingabea salatu zuen Poliziak, Mozal Legea ezarriz "desobedientzia" leporatuta, eta trafikoko araudia urratzea egotzita. Gaztearen familiak Eibarko (Gipuzkoa) komisariara jotzean ireki zuten ikerketa Barne Auzien Sailetik.