AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / araialdea.eus
Dorleta Agiriano
@urmargoa
2026/02/09 08:29

Kaleratze masibo bat dator Tubos Reunidosen. Enpresako zuzendaritzak gaur zehaztuko du zenbat langile kaleratuko dituen Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia), goizean izango baita enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko aurrenengo bilera. Aurreneko informazioek zioten, dena den, 520 behargin egon daitezkeela arriskuan. 1.300 dira guztira.

Amurrioko plantilla 24 orduko lanuzte bat egiten ari da, atzo gaueko 22:00etan hasi zena eta gaur gaueko 22:00etan amaituko dena; goizeko txandan, ez da langile bakar bat ere lanera sartu. Bart piketeak egin dituzte lantegian, eta gaur goizerako, 07:00etan zegoen ipinita hitzordua, Zubian. Langileak ordu horretan elkarretaratu dira bertan, hainbat eta hainbat pertsonaren babesarekin, kaleratzeei ezetz esateko. 

Ertzaintza, baina, hasieratik aritu da langileei jazartzen. Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, atzo gauean hainbat behargin identifikatzen saiatu ziren ertzainak, protestaren erantzule gisa, baina uko egin zioten haiek. Goizean ere lantokira bertaratu da Polizia, eta 08:00ak igarota osatu du polizia-lerro bat istiluen kontrako ertzainek, elkarretaratzea egiten ari ziren langileen aurrean. 

Tubos Reunidoseko bulegoetan hasi da gero espedienteari buruzko bilera, 10:00etan. Bitartean, kanpoan egingo dute mobilizazio bat beharginek, bilera amaitu arte.

Zailtasunak epe "luzerako"

Kaleratzeen inguruko lehenengo bilerarekin bat eginez, hainbat daturen berri eman du gaur enpresako zuzendaritzak, murrizketak justifikatzeko abiapuntu gisa. El Correo-k jaso ditu datu horiek: Tubos Reunidosek 71 milioi euro galdu zituen 2025ean, AEBek altzairu-inportazioei ezarritako %50eko muga-zergen eraginez batik bat, zuzendaritzaren esanetan. Horiek horrela, enpresak esan du zailtasunak aurreikusten dituela epe "luze baterako".

Hurrengo greba-eguna, ostiralean

Gaurko lanuztearen ostean, datorren ostiralerako jarri dute hurrengo hitzordua: bigarren greba-egun batera deitu dute ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek.

EZ DAGO IRUZKINIK