AKTUALITATEA
Aurreko astean hasi zen Sestaoko Vicinay enpresak ezarri nahi dituen murrizketei buruzko kontsulta-aldia: astelehenean bildu ziren zuzendaritza eta langile-batzordea. Badirudi, dena den, iragarritako asmoei eusten diela zuzendaritzak, plantillaren ia erdia (128 langileetatik 60) kaleratzeko eta gainerakoei aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzeko nahia berretsi baitzuen bileran. Are: Juanjo Basterra kazetariak seinalatu duenez, kaleratu nahi dituen langileen zerrenda aurkeztu du jada enpresak, xantaia gisa.
Zuzendaritzak neurri horiek ezartzeko aurkeztutako dokumentazioa aztertuko duela jakinarazi du langile-batzordeak, eta salatu du enpresak urte luzez egindako kudeaketa okerraren ondorio dela gaur egungo egoera; ikusteke daude hurrengo urratsak. Oraingoz, neurriei ezetz esaten eta mobilizatzen segitzen du plantillak: aurreko ostiralean, manifestazio bat egin zuten Sestaoko kaleetan, 08:30ean hasi eta 12:00etara arte.
Vicinay 2025eko udan sartu zen enpresa hartzekodunen konkurtsoan, baina erreskate bat jarri zuten martxan urtebete beranduago: Dámaso Quintanaren Velora taldeak eskuratu zuen konpainia, Eusko Jaurlaritzaren eta Ekarpen funtsaren (Mondragon taldea, Kutxabank, diputazioak eta abar dituzte loturak) finantza-babesarekin.