AKTUALITATEA
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak txosten bat plazaratu dute aurten, etxebizitzaren auziak indarkeria matxistarekin duen lotura aztertuz. Emakume langileek etxebizitzarekiko sarbidean dituzten arazoak, baliabide instituzionalen falta, kontrol burokratikoa, presio instituzionala eta errentatzaileek gauzatutako sexu-indarkeria aipatzen dituzte bertan. Datuak biltzeaz gain, Esther, Natalia, Cristina, Rania, Fatou, Maria eta Arantxaren lekukotasunak biltzen ditu txostenak.
Indarkeria matxista eta etxebizitza arazoa, elkar elikatzen duten bi errealitate
Indarkeria matxistak gora egin du azken urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 1.212 babes eskaera erregistratu ziren 2025ean, baina ia heren bati uko egin zitzaion. Nafarroan ere antzeko egoera bizi da: 350 eskaeretatik 110 ukatu ziren. 2026ko lehen seihilekoan, eskaera kopuruak gora egin du, Nafarroan 298 babes eskaera erregistratu ziren, 2025eko urte osoko kopuruaren %85,1.
Indarkeria horren adierazpenik gordinena erailketak dira. 2003tik, 137 emakume erail dituzte Euskal Herrian. Gehienak bikotekideek, bikotekide ohiek edo ingurune hurbileko pertsonek hil dituzte, eta erailketa horietako asko etxebizitza partekatuaren edo familia etxearen barruan gertatu dira. Etxeak, segurtasun eta babesleku izan beharko lukeenak, indarkeria matxistaren agertoki izaten jarraitzen du.
Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek egoera larritu egiten dute. 2025eko Genero dimentsioa etxebizitza eskuragarrirako sarbidean azterlanaren arabera, bizitegi bazterketak etxeko unitateen %29,5i eragiten die, ez baitute etxebizitza egoki eta egonkor bat eskuratzeko aukerarik. Emakumeak buru dituzten etxeetan kopuru hori %34ra igotzen da; guraso bakarreko familietan, berriz, %51,6ra. Azken horietako gehienak emakumeek osatutako familiak dira.
Etxegabetzeei buruzko datuek ere agerian uzten dute emakumeen egoera bereziki zaurgarria dela. Emakumeak etxegabetzeen aurrean (2024) txostenaren arabera, etxegabetze prozedura bati aurre egin zioten emakume inkestatuen %43,8 ama bakarrak ziren. Gainera, ez ordaintzeagatiko etxegabetze prozeduren %6,05 genero indarkeriazko egoerekin lotuta zeuden.
Egoera horren beste adierazle bat etxebizitza publikoaren eskuragarritasuna da. 2024an, genero indarkeriaren biktima izanik EAEn etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda zeuden 2.046 emakumeetatik 200 inguruk baino ez zuten lortu alokairuko etxebizitza publiko bat, hau da, hamar emakumetik bederatzik baino gehiagok ez zuten baliabide hori eskuratu.
Gainera, Euskadin etxebizitza eskuratzeari buruzko txostena genero ikuspegitik (2024) azterlanak erakusten duenez, genero indarkeriaren biktima diren eta etxebizitza babestuaren eskatzaile diren emakumeen kopuruak gora egin du: 2023an 1.930 ziren, eta 2025ean, berriz, 2.250. Ia guztiek alokairu erregimeneko etxebizitza eskatzen dute.
Kontrol harreman batetik bestera
Baina arazoa ez da soilik etxebizitza eskuratzeko aukera urria. Eskura dauden baliabideetara iristeko bideak ere oztopoz beteta daude. Administrazioek hainbat baldintza eta egiaztagiri eskatzen dizkiete indarkeria jasan duten emakumeei: indarkeria frogatzeko ziurtagiri judizialak, errenta eta errolda irizpide zorrotzak betetzea edo gizarte zerbitzuek egokitzat jotzen dituzten jokabideak izatea, besteak beste.
Eskakizun horietako asko ez datoz bat emakumeen errealitatearekin. Indarkeriatik ihes egin berri duten emakumeei, esaterako, sarritan eskatzen zaie atzean utzi duten udalerrian erroldatuta egotea, lan kontratu bat aurkeztea edo erasotzailearengandik banandu ondoren izan ez dituzten diru sarrerak frogatzea. Indarkeriatik ateratzeko behar duten babesa eskuratzeko, hain zuzen, indarkeriak berak eragotzi dizkien baldintzak bete behar dituzte.
Baliabide horien funtzionamenduari dagokionez, aterpetxeek eta tutoretzapeko etxebizitzek, kasu askotan, ez dute emakumeen autonomia bermatzen; aitzitik, kontrolerako espazio bihurtzen dira. Ordutegi zorrotzak, bizikidetza arauak, bisita mugak eta etengabeko ikuskapena ezartzen zaizkie, eta erakundeen baimena behar izaten dute dirua kudeatzeko edo senideekin harremanetan jartzeko.
Hortaz, indarkeria matxistatik ihes egiten duten emakume asko kontrol harreman batetik bestera igarotzen dira: erasotzailearen tutoretzatik erakunde publikoen tutoretzara. Emakumeak dira ordutegiak, arauak eta ikuskapenak bete behar dituztenak, eta ez indarkeria eragin duten gizonak.
Nafarroako datuek erakusten dute egoera horrek izan dezakeen ondorioetako bat. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI) bildutako datuen arabera, 2023an indarkeria matxistaren biktimak artatzeko baliabidetik ateratako lau emakumetik bat erasotzailearekin bizitzera itzuli zen. Erabaki horren atzean hainbat arrazoi egon daitezkeen arren, ezin da baztertu baliabide faltak eta kontrol burokratikoak emakumeak berriro erasotzailearengana itzultzera bultzatzea.
Etxebizitzaren prekaritateak, gainera, indarkeria mota jakin batzuk ere ahalbidetzen ditu. Etxejabeek sexu erasoak egiten dizkieten emakumeak daude, erasotzaileekin bizitzen jarraitzera behartuta daudenak; alokairuaren ordainetan sexu mesedeak eskaintzea proposatzen zaienak; edo senideen nahiz senideen lagunen etxeetan bizi direnak (gehienak emakume migratuak) eta tratu txarrak jasaten dituztenak. Gainera, etxebizitza eskuratzeko gero eta ohikoagoa den logelen alokairuak eta antzeko formulek egoera horiek areagotzeko arriskua dakarte.
Emakumeak eta ama bakarrak, egoera zaurgarrienean
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, 2022tik 2025era, aholkularitza zerbitzuetan 4.000 pertsona inguru artatu ditu eta horietatik %55 emakumeak izan ziren. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen kasuen %75 etxegabetze prozedurekin lotuta daude. Emakume horietako asko ama bakarrak dira: kasuen %63tan errepikatzen da profil hori. Seme-alaben zaintza eta ardura beren gain bakarrik hartzeaz gain, indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeek zailtasun bereziak dituzte etxebizitza egonkorra lortzeko.
Pobreziaren aurkako Europako Sarearen arabera, Espainiako Estatuko biztanleriaren %25,7 pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan dago. Guraso bakarreko familien artean, ordea, arriskua ia bikoiztu egiten da. Sindikatuaren kasuetan, guraso bakarreko familien %96 baino gehiagotan, emakumeak dira seme-alabekin bakarrik bizi direnak.
Azken urtean, desokupazio enpresen etxegabetze mehatxuak jaso dituzten familien hamabi kasu ere jaso ditu sindikatuak. Horietatik zortzitan, familia burua ama bakarra zen.
Etxebizitzarik gabe, indarkeriaren menpe
Datuen atzean, hainbat pertsonaren bizitzak daude. Etxebizitza eskuratzeko ezintasunak, baliabide publikoen gabeziak eta erakundeen eskakizunek indarkeria egoeretatik ateratzea eragozten die askori. Lekukotasunek erakusten dute etxebizitza ez izatea ez dela arazo ekonomiko hutsa, emakumeen segurtasuna eta askatasuna ere jokoan dago.
Esther Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aholkularitzara joan zen bere egoeraren berri ematera. Alaba adingabe baten ama da eta genero indarkeriaren biktima. Alokabideren etxebizitza batetik bota zuten iruzur baten ondorioz: pertsona batek alokairuko etxebizitza bat eskaini zion, prezio altu baten truke. Etxebizitza aurrez ikusteko aukerarik izan gabe eta beste alternatibarik gabe, eskatutako dirua ordaindu zuen. Etxera iristean konturatu zen Alokabideren etxebizitza bat zela eta iruzur egin ziotela.
Sindikatuan antzeko dozena erdi bat iruzur kasuren berri izan dute. Hala ere, erakundeek etxegabetu egin zuten Esther, indarkeria matxista jasandako emakumea eta adingabe baten arduraduna izan arren. Gizarte zerbitzuetara jo zuenean, ez zuen behar zuen laguntzarik jaso.
"Handik joan ginen, gizarte langileak ez zigun lagundu. Lehenbailehen beste zerbait bilatu behar genuela esan zigun. Oraingoz behin-behineko zerbait zegoela, 1.000 euro baino zerbait gehiago balio zuena. Etxean nik bakarrik egiten nuen lan, soldata bakarra nuen. Egoitza batean lan egiten nuen eta 1.200 euro irabazten nituen. Aurrezkiak izan behar nituela zioen. Nork ditu aurrezkiak ordaindu beharreko guztiarekin?". Esther
Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek, gainera, erasotzailearekin bizitzera behartu zuten Esther, berak hala nahi ez bazuen ere. Behar ekonomikoak ez zion beste aukerarik utzi:
"Hemen 820 euro ordaintzen ditugu bizi garen bi familien artean. Gastu guztiak ordaindu eta hori... Bera zen egunerokoan lan egiten zuena... Eta nik berarekin bizi behar izan nuen, nahiz eta jada ez nuen nahi". Esther
Ondoren, langabezia dirulaguntza jasotzen zuen bitartean, arazo burokratiko baten ondorioz dirulaguntza ukatu zioten, eta diru sarrerarik gabe geratu zen. "Orain ez nago lanean, ez daukat ez diru sarrerarik, ez ezer. 200 euroko laguntza baino ez didate ematen, semearena". Diru sarrerak galdu eta hilean 200 euroko laguntza bakarrik jasotzen zuenez, azaroan alokairua ordaintzeari utzi behar izan zion. Ezinezkoa zitzaion zegozkion 410 euroak bere gain hartzea. Egoera hitz gutxitan laburbildu du:
"Edo jaten duzu edo alokairua ordaintzen duzu. Eta urtebeteko neskatoa izanda, zure lehentasuna ez da alokairua ordaintzea". Esther
Estherrek indarkeria egoera batean bizitzen jarraitu behar izan zuen; Nataliaren kasuak, berriz, etxebizitza baten truke sexu mesedeak eskaintzea proposatzen zaien emakumeen errealitatea erakusten du. Nataliak etxejabearen komentario matxistak eta botere abusuak jasan behar izan zituen. Zailtasun ekonomikoak zituela jakinda, gizonak alokairua ordaindu gabe bizitzeko proposamena egin zion, baina baldintza batekin: haren bikotekide gisa bizitzea. "Ez duzu zertan ordaindu, ondo tratatu behar nauzu, besterik ez", esaten zion jabeak besteak beste.
"Ikusten nuen nola begiratzen ninduen, ez zen normala. Beharbada gaizki ulertzen ari nintzen, baina egun hartan dena ulertu nuen". Natalia
Nataliak proposamenari uko egin zion, eta handik hilabetera etxebizitza utzi behar zuela jakinarazi zion etxejabeak. Gainera, abisatu eta baimenik gabe etxebizitzara joaten hasi zen. Etxetik alde egin nahi bazuen ere, bere egoera ekonomikoak eta alternatiba instituzionalik ezak bertan bizitzera behartu zuten.
Ostalaritzan aurkitu berri duen lanak soldata oso baxua ematen dio. Orduko bost euro kobratzen ditu, eta hilean 300 euro ordaindu behar ditu semea zaintzeko, baita 650 euroko alokairua ere. Prekaritateak eta etxerik gabe geratzeko beldurrak salaketa jartzeko asmoa ere galarazi diote.
"Ez nago eroso etxean. Zarata bat entzuten dut etxean eta beldur naiz. Baina ezin naiz ume batekin kalera irten. Eutsi egin behar diot". Natalia
Nataliak beste etxejabe baten proposamenaren berri ere eman du. Etxebizitza bat bisitatzeko deitu zion gizon batek, eta egun batzuk geroago beste "akordio" bat proposatu zion: 500 euroren truke alokatuko zion etxebizitza, baldin eta sexu zerbitzuak eskaintzen bazizkion.
"Esan zidan gustatzen nintzaiola eta akordio batera irits gintezkeela nik lan sexualak eskaintzen banizkion". Natalia
Etxejabeek gauzatutako sexu indarkeria ez da proposamen horietara mugatzen. Cristina Uribe Kostan bizi da, alokatutako gela batean, etxearen jabearekin partekatzen duen etxebizitzan. Ez diote alokairu kontraturik egin, ordainketa guztiak eskudirutan egin behar izan ditu eta ez diote erroldatzen utzi. Jabea hari sexu erasoa egiten saiatu zen. Cristinak ihes egitea lortu zuen, baina erasotzailearekin etxebizitza berean bizitzen jarraitu behar du, beste inora joateko baliabiderik ez duelako.
"Duela aste batzuk, jabea sexualki erasotzen saiatu zen. Bortxatzen saiatu zen, alde guztietatik ukitu ninduen eta hori niretzat onena izango zela esan zidan. Ihes egitea lortu nuen, baina orain han bizi behar dut, berarekin. Ez daukat dirurik beste norabait joateko, nire diru sarrerak 500 euro baino gutxiagokoak dira hilean. Bizi naizen udalerriko zerbitzuek ez didate alternatibarik eskaintzen eta erroldatze soziala ukatu didate. Ez dut erasotzailearekin bizitzen jarraitu nahi". Cristina
Cristina gizarte zerbitzuetara lagundu zutenean, ordea, beste oztopo batekin egin zuten topo: erasotzailearekin harreman afektiborik ez zuenez, ezin zuen bizitegi baliabiderik eskuratu. Eskainitako aukera bakarra sexu jazarpenagatik salaketa jartzea zen. Baina salaketa horrek ez zuen etxebizitzaren arazoa konponduko; are gehiago, etxean bizi zuen egoera larriagotu zezakeen. Udalerriko gizarte zerbitzuek, gainera, alternatiba bat eskaintzeari eta erroldatze soziala egiteari uko egin zioten.
Babesaren izenean, kontrola eta ezegonkortasuna
Etxebizitza eskuratzeko oztopoak, gainera, ez dira merkatu pribatura mugatzen. Babes publikorako pentsatutako baliabideek ere ez dute beti emakumeen segurtasuna eta autonomia bermatzen. Raniaren, Fatouren eta Mariaren bizipenek erakusten dute instituzioen esku dauden etxebizitza baliabideak ere ezegonkortasun eta kontrol iturri bihur daitezkeela.
Rania Gasteizen bizi da eta indarkeria matxistaren biktima da. Erasotzaileak behin eta berriz jazartzen zuen, eta poliziari deitu behar izan zion hainbatetan. Hala ere, instituzioek ez zioten harrera etxerik edo babeserako baliabide espezifikorik eskaini. Geroago, gizarte langileak jakinarazi zion ez zuela genero indarkeriaren biktimentzako etxebizitza eskubiderik, harrera etxe batetik igaro ez zelako. Harrera etxera joateko aukera, ordea, ez zioten inoiz eskaini.
Etxetik bota zutenean, berriro jo zuen gizarte zerbitzuetara. Eskaini zioten aukera bakarra aldi baterako ostatu batera joatea izan zen, baldintza eskasetan. Lehenik, La Paz pentsiora bidali zuten.
"Ez zegoen ez sukalderik, ez ezer. Gela txiki bat bainugela batekin. Labezomorroak zeuden, gelan bertan prestatu behar genuelako janaria". Rania
Ondoren, urtebete pasatxoan hiru aldiz lekualdatu zuten: San Fermin apartamentuetatik igaro zen, eta gero Ibaiondokoetara. Etengabeko lekualdatze horiek ez zioten egonkortasunik eman; alderantziz, egoera are gehiago ezegonkortu zuten.
Gaur egun duen ostatuak ere ez ditu gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen. Egonaldia berritzeko, gainera, gizarte langilearen aldizkako ikuskapenak gainditu behar ditu. Bi astean behin joaten zaio gizarte langilea gela ikuskatzera, aldez aurretik abisatu gabe, nahiz eta ostatuaren egoera txarra dela jakin. "Ez dizu abisatzen, edozein unetan etortzen zaizu", azaldu du. Egonaldia bi hilabetean behin berritzen diote, eta ordainketen egiaztagiriak aurkeztu behar ditu. Horrez gain, bizitzeko hainbat baldintza ezartzen dizkiote:
"Bi hilean behin ostatua berritzen dizute eta ordainketen ordainagiriak entregatu behar dituzu. Bertan bizitzeko hainbat baldintza daude: ezin duzu zaratarik egin, ezin duzu bisitarik jaso, ezin da erre...". Rania
Antzeko egoera bizi dute Fatouk eta Mariak Iruñean. Biak zaurgarritasun egoeran dauden emakumeentzako etxebizitza baliabide batean bizi izan dira, DUO programaren bidez (Date una Oportunidad). Iruñeko Udaleko Emakumeen Arretarako Udal Zerbitzuak finantzatzen du programa, eta Kamira kooperatiba sozialak kudeatzen du.
Fatou emakume migratua da, eta 18 urtetik beherako bi seme-alaba ditu. 2022an sartu zen programan, jatorrizko herrialdean indarkeria matxista jasan ondoren. Hasieran, bere bizitza berreraikitzeko aukera gisa ikusi zuen baliabidea.
"Programan sartu nintzenean pentsatu nuen bizitza berri bat has nezakeela nire seme-alabekin, leku seguru batean. Hasieratik saiatu naiz eskatzen zidaten guztia betetzen. Hiru hilean behin jarraipen-orriak sinarazten dizkidate, tailerretara eta programako jarduera guztietara joaten naiz. Bizikidetza-neurriak bete izan ditut, eta inoiz ez dut arazorik izan gizarte langileekin. Denbora honetan guztian gure bizitza berreraikitzen saiatu naiz. Gaur egun, lanaldi erdiko lana daukat eta ahal dudan guztia egiten dut nire familia mantentzeko. Ez da erraza izan, baina aurrera jarraitu dut nire seme-alabak nire menpe daudelako". Fatou
Duela urtebete inguru, ordea, programan egoteko gehieneko denbora agortu zitzaiola eta etxebizitza utzi behar zuela jakinarazi zioten. Ordutik, etxebizitza utzi behar duela esaten diote behin eta berriz, eta etxebizitza berri bat aurkitzeko presioa egiten diote, nahiz eta badakiten oso zaila duela etxebizitza bat lortzea.
"Alokairua aurkitzeko presioa egiten didate, baina badakite ezinezkoa zaidala. Ez didate lagundu. Pare bat aldiz bakarrik lagundu zidaten Idealista-tik gela bat bilatzen, emaitza handirik gabe. Lana eta aurrezkiak baditut ere, ama ezkongabea eta etorkina izanik, inork ez dit alokatu nahi". Fatou
Mariak 40 urte ditu eta sei urtetik beherako bi seme-alaba. 2022an iritsi zen DUO programara, Emakumearen Arretarako Udal Zerbitzuko gizarte langileak bideratuta, bikotekidearen indarkeria matxista jasan ondoren. Programara iritsi zenean, bizitza berrantolatzeko eta independentzia lortzeko baliabide gisa aurkeztu zioten. Urte hauetan guztietan, eskatutako baldintzak betetzen saiatu da.
"Programa emakumeoi laguntzeko eta egonkortasun pertsonala, lan eta etxebizitza arlokoa lortzen laguntzeko baliabide gisa aurkeztu zen. Han bizi izan ginen programaren pisu batean, ni nire bizitza berrantolatzen eta aurrera atera ahal izateko lan egiten saiatzen nintzen bitartean. Urte hauetan programak eskatzen zidan guztia betetzen saiatu naiz. Jarraibideei jarraitu diet, jardueretan parte hartu dut eta eskatu didaten guztia egin dut". Maria
Fatouri bezala, Mariari ere jakinarazi zioten programan egoteko denbora amaitu zela eta etxebizitza utzi behar zuela. Ez zioten beste aukerarik eskaini. Lan egin arren, ezinezkoa egiten zaio merkatuan etxebizitza bat aurkitzea.
"Lanean egon arren, ia ezinezkoa da alokairua eskuratzea. Jabeek kontratu finkoak, nomina altuagoak, abalak eta fidantzak eskatzen dituzte, nik hartu ezin ditudanak. Saiatu nintzen denbora gehiago eskatzen bizitoki bat aurkitu ahal izateko, baina bi egun bakarrik eman zizkidaten. Programaren baja sinatzeko presioa egin zidaten, eta etxebizitza uzten ez banuen, “legez kanpoko” egoeran egongo nintzela ere esan zidaten. Hori entzuteak beldur handia eragin zidan. Etengabe pentsatzen dut nire seme-alabengan eta gurekin zer gertatuko ote den. Erabat abandonatuta eta baliabiderik gabe sentitzen naiz; ahal izan dudan guztia egin dut, eta, hala ere, ez dut etxebizitzarik aurkitzen". Maria
Indarkeriatik ateratzeak ez du etxebizitza bermatzen
Arantxaren kasuak aurreko lekukotasunen ertz hau uzten du agerian: erasotzailearengandik banantzea eta salaketa jartzea ez dira nahikoa indarkeriatik ateratzeko, bizitzeko leku bat bermatuta ez badago.
Arantxak 8 eta 14 urteko bi seme ditu. Senarrarekin bizi zen Gasteizko Salburua auzoko Alokabideren alokairuko etxebizitza batean. Alokairu kontratua senarraren izenean zegoen, eta hark zituen diru sarrera erregularrak. Urte luzez tratu txarrak jasan ondoren, senarra salatzea eta harengandik banatzea erabaki zuen. Etxean geratu zen Arantxa, baina egoera ekonomiko eta familiar zailean: bi seme-alaben ardura bere gain hartu zuen, lanik eta familiaren babesik gabe.
"Ni etxean geratu nintzen eta azkenean joan egin zen. Baina bakarrik geratu nintzen bi haurrekin, lanik gabe eta nire familiarik gabe. Lagun bat daukat ahal duen guztian laguntzen didana, baina berak ere badu berea. Hemen ondoan bizi da, seme-alabekin, Alokabideko beste etxe batean". Arantxa
Handik gutxira, alokairuaren ordainketak pilatzen hasi ziren, eta Alokabidek etxegabetze prozedura abiatu zuen. Arantxa Etxebizitza Sindikatu Sozialistarengana joan zen laguntza eske, baina etxegabetzeen moratoria aste batzuk lehenago amaitua zen, eta ezin izan zen prozedura geldiarazi.
Sindikatuak protesta deialdia egin zuen etxegabetzea gauzatu zen egunean, eta poliziak kargak egin zituen. Egun horretan, Denis Itxaso Etxebizitzako sailburuak adierazi zuen "Alokabidetik ez dela inor kaleratzen arrazoirik gabe" eta etxebizitza hori "baldintzak betetzen zituen norbaitentzat libratu behar zela".
Arantxak, azkenean, etxea utzi behar izan zuen seme-alabekin. Gaur egun, lagun baten etxean bizi da. Lagun hori ere Alokabideren etxebizitza batean bizi da, eta beste etxegabetze prozedura bati aurre egin behar dio. Arantxaren hitzek argi erakusten dute erasotzailearen aurkako salaketa jartzeak ez diola bermatu indarkeriatik ateratzeko behar zuen babesik:
"Azkenean, zer egin behar nuen? Agian lehen hobeto nengoen. Bada orain, begira zertarako balio izan didan senar erasotzailearen aurkako salaketak: etxetik bota eta nire seme-alabekin sofa batean lo egiteko. Nire lagunari esker, ez nago zubi baten azpian". Arantxa
Emakume horien bizipenek agerian uzten dute etxebizitza eskuratzeko ezintasunak, baliabide publikoen gabeziak eta kontrol instituzionalak indarkeria matxistatik ateratzeko aukerak mugatzen dituztela. Etxebizitza arazoa ez da indarkeriaren ondorio hutsa, indarkeria egoeratik irteteko oztopo ere bada. Lekukotasunek erakusten dutenez, emakume askorentzat etxeak ez dira babesleku, indarkeriak eta prekaritateak harrapatuta mantentzen dituzten espazio baizik.