Kaleratze masibo bat dator Tubos Reunidosen. Enpresako zuzendaritzak gaur zehaztu du zenbat langile kaleratu nahi dituen Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia), goizean izan baita enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko aurrenengo bilera. Hain zuzen ere, enpresak 301 behargin bidali nahi ditu kalera bi lantegietan, horietatik 214 lan-kontratu finkoak dituztenak eta 87 aldi baterako kontratuak dituztenak. 1.300 langile dira guztira.
Amurrioko plantilla 24 orduko lanuzte bat egiten ari da oraintxe, atzo gaueko 22:00etan hasi zena eta gaur gaueko 22:00etan amaituko dena. Erabatekoa izaten ari da erantzuna: atzo gaueko eta gaur goizeko lan-txandetan, ez da langile bakar bat ere sartu lanera. Bart piketeak egin dituzte lantegian, eta gaur goizerako, 07:00etan zegoen ipinita hitzordua, Zubian. Langileak ordu horretan elkarretaratu dira bertan, hainbat eta hainbat pertsonaren babesarekin, kaleratzeei ezetz esateko.
Ertzaintza, baina, hasieratik aritu da langileei jazartzen. Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, atzo gauean hainbat behargin identifikatzen saiatu ziren ertzainak, protestaren erantzule gisa, baina uko egin zioten haiek. Goizean ere lantokira bertaratu da Polizia, eta 08:00ak igarota osatu du polizia-lerro bat istiluen kontrako ertzainek, elkarretaratzea egiten ari ziren langileen aurrean.
Tubos Reunidoseko bulegoetan hasi da gero espedienteari buruzko bilera, 10:00etan. Bitartean, kanpoan egin dute mobilizazio bat beharginek, bilera amaitu arte. 12:00ak aldera azaldu dute 301 langile bota nahi dituela enpresak, enplegu-erregulazioko espedientearen bitartez.
Zailtasunak epe "luzerako"
Kaleratzeen inguruko lehenengo bilerarekin bat eginez, hainbat daturen berri eman du gaur enpresako zuzendaritzak, murrizketak justifikatzeko abiapuntu gisa. El Correo-k jaso ditu datu horiek: Tubos Reunidosek 71 milioi euro galdu zituen 2025ean, AEBek altzairu-inportazioei ezarritako %50eko muga-zergen eraginez batik bat, zuzendaritzaren esanetan. Horiek horrela, enpresak esan du zailtasunak aurreikusten dituela epe "luze baterako".
Hurrengo greba-eguna, ostiralean
Gaurko berrien eta lanuztearen ostean, datorren ostiralean izango da hurrengo hitzordua langileen borrokan: bigarren greba-egun batera deitu dute ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek otsailaren 13rako.