UIBk aurrerapausoak eman ditu NUPeko ikas baldintzak borrokatzeko kanpainan

NUPeko egoeraren irakurketa eta eskakizun zehatzak aurkeztu ditu UIBk, eta 'Ikasle Babes Gida' izeneko ikas baldintza minimoen zerrenda ere osatu du. "Ezjakintasuna eta informazio nahasia" nagusitu diren garaiotan, ikasleriak "era askotako gehiegikeriak pairatu dituela" ohartarazi du, eta horri aurre egiteko aurkeztu du errespetatu beharreko gutxieneko baldintzen zerrenda. "Erasoen aurrean, baldintza materialen defentsa gaurdanik artikulatzea" beharrezkotzat jo dute Nafarroan ere.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 18a

NUPeko Unibertsitateko Indar Batasunak borrokan jarraitzen du ikasle langileentzat baldintza hobeak erdiesteko. Zentzu horretan, hainbat pauso eman ditu dagoeneko: Ikasle Babes Gida izeneko txosten bat sortu dute, ikasleriaren gutxieneko eskubideak biltzen dituena. Horrez gain, eskakizun zehatzez osaturiko irakurketa bat luzatu diete unibertsitateko sailei.

UIBren arabera, "ezjakintasuna eta informazio nahasia" nagusitzen ari diren garaiotan, "askotariko gehiegikeriak" jasaten ari dira ikasleak. Horri aurre egiteko, unibertsitateak salbuespen egoerara moldatzeko argitaratu dituen jarraibide eta agiriak oinarri hartuta, "ikasleei eragiten dieten puntu garrantzitsuenak" hautatu dituzte; errespetatu beharreko gutxieneko baldintzak, alegia.

UIBko kideen esanetan, baldintza horiek ez dira euren ikuspegi politiko osora egokitzen. Helburu handiagoak lortzeko indarrak metatu ahal izateko, ordea, ezinbestekotzat jo dute "erasoen aurrean gaurdanik dituzten baldintza materialen defentsa artikulatzea", eta norabide horretan ekin diote aurreneko pauso hauek emateari.

IKASLE BABES GIDA

Irakaskuntza salbuespen egoerara doitzera begira, zenbait irizpide eta eskubideren berri eman du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Irizpide horien artean ikasleei ereferentzia egiten dieten ugari daude, batik bat, ikasketa prozesuan bete beharreko gutxieneko baldintzei eta ikasleen eskubideei lotutakoak. Hortaz, UIBk "ikasleentzako garrantzisuenak diren puntuak" bildu ditu txosten propio batean, eta ikasleek euren eskubideak ezagutu ditzaten, beharrezkotzat jo dute puntu horiek guztiak sozializatzea.

Zerrendatzen diren puntu guztiak "gutxieneko baldintza gisa" kokatu ditu UIBk, "ikas baldintzen defentsa egikaritzeko" eta "hartzen diren zenbait neurri ekiditeko" balioko baitute. Horietako baldintzaren bat beteko ez balitz, "unibertsitatea bere arau propioak hausten ariko litzatekeela" azaldu du. Halako kasuetan "klasekideekin hitz egiteko eta erantzun bateratua prestatzeko" deia luzatu diote ikasleriari.

IRAKURKETA ETA ESKAKIZUNAK

Beste hainbat campusetan egin bezala, galdetegi zabala osatu zuten UIBko militanteek. Inkesten bidez ikasleek helarazitako erantzunei esker, unibertsitateko egoeraren analisi orokorra egin dute, duela egun batzuk argitara atera zutena. Egoeraren azterketa plazaratzearekin batera, hainbat eskakizun egin dizkiote unibertsitateari.

Honakoak izan dira galdetegia osatzerakoan aintzat hartu dituzten faktoreak: ikasleen lan karga, ebaluazio irizpideak, unibertsitateak hartutako neurriak, informazio falta orokortua, ikasketak aurrera eramateko baliabide falta, kanpoko praktikak eta soldatapeko lanean diharduten ikasleen zailtasunak. EHUk bezala, NUPek ere departamentu bakoitzaren esku utzi du ikasleak ebaluatzeko modua zehaztea. Horrenbestez, EHUn egindako eskakizun berberak egin ditu UIBk NUPen:

  1. Irakasgaiak gainditzeko beharrezkoak diren ehunekoak jaistea, irakaskuntza telematikoaren ondorioak arintze aldera.       
  2. Ikasleen batez besteko notan goranzko notek soilik eragitea.

Beste hainbat aldarrikapen zehatz ere egin dituzte, lan kargari, ebaluatzeko moduei, azterketa telematikoei eta informazioari lotutakoak.

ANALISIA

Eskakizun horiek egiteko, inkestetan ikasleek egindako adierazpenek zenbait auziren inguruan bultzatutako hausnarketak izan ditu oinarri UIBk. Lan kargari dagokionez, adibidez, orokorrean "ikasleen egoera kontuan hartu gabe areagotu egin dela" ohartarazi dute. Ebaluazio irizpideak, berriz, "ikasleek ez kopiatzean zentratu dira", "ebaluazioa bere horretan mantentzea zalantzan jartzea edota ikaskuntza bermatzea bilatu ordez".

Informazio falta da analisiaren beste atal bat; izan ere, "ebaluazio irizpideen inguruko informazio falta" nabarmendu dute askok. Lan egiteko erari, kanpoko praktikei, lanaren bateragarritasunari eta beste hainbat alorri lotutako faktoreak ere barne hartu dituzte Ikasle Babes Gida delakoan.