AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/23 22:16

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, aurten ere ehunka ikasle mobilizatu dira Euskal Herriko ikastetxe eta campus ugaritan. Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) eta campusetako emakume taldeek antolatuta, atzo, hilaren 23an, mobilizazioak egin zituzten campusetan. Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langile antolatu. Instituzioen fartsa borrokatu! aldarritzat hartuta, protestak izan ziren Bilboko (Bizkaia), Eibarko (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Iruñeko (Nafarroa) eta Leioako (Bizkaia) unibertsitatean.

Gaur, berriz, bigarren hezkuntzako ikasleek jo dute protestara, indarkeria matxistaren kontra. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, Euskal Herriko 60 ikastetxetan baino gehiagotan mobilizatu dira ikasleak; elkarretaratzeak egin dituzte, baita indarkeria matxistari buruzko hitzaldiak ere.

Hamaika aurpegi, eta betikotze bat

"Emakume langileok pairatzen dugun indarkeria matxistak aurpegi anitz ditu, izan adierazpenik bortitzenak edota izan normalizatuak izan diren beste fenomeno batzuk", ohartarazi dute ikasleek, bi egun hauetan egindako mobilizazioetan. Indarkeria horren adierazpen modura nabarmendu dituzte, esaterako, "komentario matxistak, bortxaketak, ukituak, pornografiaren eta prostituzioaren forma hartzen duen gorputzen merkantilizazioa, eta biolentziaren zuriketa".

Gogorarazi dute emakume langileek jasaten duten zapalkuntza ez zela "kapitalismoarekin jaio", baina "sistema kapitalistarentzat funtzionala" dela eta, hala, "hura betikotzeko mekanismoak" dituela martxan. Argitu dute ez dagoela "betierekoa eta monolitikoa" den zapalkuntzarik: "Zapalkuntza oro, horrek dakartzan biolentzia formekin, aldi historikora zein koiunturara moldatzen eta egokitzen da. Gaur egungo gizartearentzat emakume langileok zapalduta mantentzeak funtzio bat betetzen duelako dirau zapalkuntzak bere horretan". Horrekin lotu dute, adibidez, "gizarteak oro har ideia matxistak gaitzetsi" arren, "praktikan, jarrera matxistak mantendu edo areagotu" izana.

Krisia eta biolentziaren gorakada

"Emakume langileon egoera ez da hobetu. Ez gizartean orokortutako aldarri feministek ez instituzioek zein gobernuek martxan jarritako politika feministek ez dute eragin errealik izan emakume langileon bizitzetan. Are gehiago, krisi testuinguruan, biolentziaren gorakada izaten ari da", seinalatu dute IAk, UIBk eta campusetako emakume taldeek. Krisi testuinguru horretan, hain justu, "langile klasearen aurkako erasoaldi ekonomiko eta politiko" bat izaten ari dela eduki dute gogoan, eta horren adibide modura aipatu dituzte "lan-baldintza miserableak, bizirauteko oinarrizko bitartekoen garestitzea edo horietara sarbide eza, eskubide politikoen urraketa, eta abar".

Horrek guztiak "gogor kolpatzen ditu subjektu debaluatuak eta egoerarik zaurgarrienean daudenak", ikasleen esanetan, eta emakume langileen kasua azpimarratu dute batez ere. Besteak beste, horrekin lotu dute "sexualizazioa eta merkatu sexuala sakontzea" edota indarkeria matxista larriagotzea.

Ardura eta erantzun kolektiboa

"Guztion ardura da emakume langileon askatasuna helburu duen proiektu politiko iraultzailea eraikitzea, baita norabide horretan aurkitutako oztopo ororen aurka borrokatzea ere", aldarrikatu dute mobilizazioetan. Oroitarazi dute eraso matxistek ez dietela soilik eragiten "horiek jasaten dituzten norbanakoei": "Erasoek indarkeria matxista betikotzen dute, eta horrek langile klase osoaren gaineko eragina du". Horregatik guztiagatik, azaldu dute "guztion ardura" dela "indarkeria matxistari aurre egitea (adierazpen oro, erasotzaile zein konplize) eta erasoen aurrean erantzun kolektiboa antolatzea".

Erakundeen fartsa, hezkuntzakoena barne

Egoera hain larria izan arren, erakundeek "arazoaren kudeaketa besterik ez" dutela eskaintzen salatu dute ikasleek. Sistema kapitalistaren parte diren askotariko instituzioen "helburu bakarra", izan ere, "irabazien logika bere horretan mantentzea" dela diote, eta "emakume langileok gure zapalkuntzagatik izan ditzakegun ezinegonak lausotzen" dituztela bide batez.

"Heziguneak ere ez dira salbuespena basakeria horretan guztian, gizartearen barruan kokatzen diren beste espazio bat baitira, ez isolatutako oasiak", ekarri dute testuingurura: "Horregatik, gizartea bere horretan bezala, heziguneak zeharkatzen ditu kultura matxistak". Horri aurre egiteko borondatea duten pertsonak egon daitezkeen arren, "heziguneek esku hartzeko muga objektiboak" dituztela adierazi dute, gainera, "sistema kapitalistaren parte" direlako. Beraz, indarkeria matxistaren eta bestelako arazoen "kudeaketa burokratikora" mugatzen dira heziguneetan ere, ikasleek gaitzetsi dutenez.

Aldarrikatu dute erasoek tokirik izango ez duten gizarte bat eta "hura sostengatuko duen etika berri bat" eraikitzea dela eginbeharra, "heziguneetatik hasita"; alegia, "zapalkuntzarik gabeko gizarte bat, zeinetan guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinak izango ditugun". "Zapalkuntza ororekin amaitzeko, beharrezkoa da zapalkuntza betikotzen duen sistemarekin amaitzea eta, horregatik, guztion ongizatea bermatzeko, sozialismoaren eraikuntza dugu xede", gaineratu dute.

Deia Itaiak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko

Bihar, Indarkeria Matxistaren Egunean, Euskal Herriko 25 herritan egingo ditu mobilizazioak Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Horietan parte hartzera deitu dute IAk, UIBk eta campusetako emakume taldeek ere. Hona hemen Itaiak egindako deialdi guztiak, bilduta.

EZ DAGO IRUZKINIK