AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/22 09:05

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deituta, elkarretaratze bat izan zen atzo Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean, Irakasleak orain! Ikas- eta lan-baldintzen okertzearen aurrean antolatu lelopean. Protestara jo zuten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Magisteritza Fakultateko ikasle eta irakasle ugarik, Ibaetako eskola horretan bizitzen ari diren egoera dela-eta: ikasturte bete-betean egon arren, zazpi irakasle falta dira.

EHUren jarrera erabat gaitzetsi zuten kontzentrazioan: "Egoeraz jakitun den arren, ezikusiarena egiten daramatza urteak". UIBk ohartarazi du, izan ere, "aspalditik" datorrela irakasle falta hori, nahiz eta aurten LOSU delako legeak "ordezko irakasleen figura" sortu duen. Irakasle horien baldintzak miseriazkoak direla jakinarazi du, gainera, UIBk: sarri, haien soldatak ez dira 800 eurora ere iristen.

UIBk gogorarazi zuen antzeko egoerak ari direla jasaten EHUko beste fakultate batzuetan, eta "hezkuntzaren kalitatearen galerarekin" eta "bertako lan-baldintzen okertzearekin" lotuta dagoela arazo hori. "Ziklo instituzionalen arabera aldian aldiko erreformak egiten diren arren (kasu honetan, LOSU legea), joera orokorrak antzematen dira: hezkuntzaren zein gainontzeko zerbitzu publikoaren etengabeko okertzea, bizimoduaren pobretzearen beste adierazle bat bezala", seinalatu zuten atzoko elkarretaratzean.

Unibertsitateko langile-sektoreak antolatzeko beharra

Aipatutako joera horiei aurre egiteko, UIBk ezinbestekotzat jo zuen "unibertsitateko langile-sektoreak antolatzea"; "izan ikasle, ikerlari, irakasle, garbitzaile edo bestelakoak". "Klase batasunaren printzipioari jarraiki, ikasleak, irakasleak zein gainontzeko langileak elkarrekin antolatzera eta ikas- eta lan-baldintzen hobekuntzarako indar bateratu bat sortzera" dei egin zuen, beraz, "guztion ongizatea bermatuko duen hezkuntza sistema baten alde, nahitaez gizarte eredu berri bati loturik eraiki beharko dena".

Exijentziak EHUri

EHUri eskatu zioten "dagokion erantzukizuna" bere gain har dezala eta "egoerari berehalako irtenbidea eman" diezaiola. Aldarrikatu zuten, gainera, horretarako beharrezko baldintzak direla "irakasle gehiago kontratatzea eta kalitatezko lan-baldintzak ezartzea".

Aurreko asteetan, aldarri horiek babesteko sinadura-bilketa bat egin dute UIBko kideek, eta babes zabala lortu dute: 693 ikaslek eta 43 irakaslek egin dute bat exijentziekin. Orain, irakasleen errektoreordetzari helaraziko dizkio eskaerak UIBk.

Baldintza negargarriak Gasteizen ere

Joan den urrian, EHUk Gasteizko (Araba) campusean daukan Magisteritza Fakultatean ere salatu zituen bertako baldintzak UIBk. Azaldu zuen, besteak beste, ez dagoela ikasle guztientzat lekurik ikasgeletan, irakasleen bajak ez direla betetzen eta irakasle falta dagoela, eta ezinezkoa dela graduko ikasgaiak gainditzea eta, aldi berean, unibertsitateak eskaintzen duen mugikortasun programan parte hartzea.

EZ DAGO IRUZKINIK