AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/23 15:02

Hainbatetan egin bezala, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) eraikinen "egoera kaskarra" salatu du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB). Eta ez da gutxiagorako: oraingoan, sabai zati bat jausi da Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campuseko Magisteritza fakultatean, hezetasunaren eta itoginen ondorioz. Egun batetik bestera egin dituzte konponketa-lanak, korrika eta presaka.

Ez da, inola ere, EHUren eraikinetan halako baldintzak jasan behar dituzten aurreneko aldia. Horren isla dira UIBk berak argitaratutako irudiak: kaltetutako eta eroritako hormak eta sabaiak, itoginak, hezetasunak... Hainbat kasutan, itoginek urteak daramatzate arazo izaten, eta ohikoak dira ur-baldeak nonahi. Itoginak daude, esaterako, Leioako (Bizkaia) campuseko liburutegian, Gizarte eta Komunikazio Zientzien (GKZ) fakultatean eta Arte Ederren fakultatean, eta Ibaetako Kimika fakultatean, Zuzenbide fakultatean eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) fakultatean. Sabaia erori da, aipatu bezala, Ibaetako Magisteritzan, baina baita HEFAn eta Psikologia fakultatean ere. Horretaz gain, Kimika fakultateko laborategi batean ke-kanpaia ez dabil, eta hura erabiltzea arriskutsua bihurtzen du horrek.

UIBko kide batek Argia-ri jakinarazi dionez, berokuntza ere kaskarra da: "Hotza pasatzen dugu, kalefakzioa gero eta beranduago piztu eta gero eta lehenago itzaltzen dute, eta ikerlari batek kontatu digu fakultate bateko eta besteko bulego askotan matxuratuta daudela berogailuak, eta berogailu elektriko txikiak pizten dituztela, legez kanpokoak, arriskutsuak izan daitezkeenak".

"Beste behin ere, argi geratu da zein den EHUren lehentasuna: enpresa pribatuekin akordioak burutuz, haien interes pribatuetara moldatuko den unibertsitate ereduan sakontzea", salatu du UIBk: "Aldiz, ikasleon eta langileon bizi- eta lan-baldintzak geroz eta okerragoak dira, eta azpiegituraren auzia baldintzen okertze horren beste aurpegi bat besterik ez da". Azaldu du "oinarrizko beharrizan bat" dela unibertsitatean "azpiegitura egokia izatea", baina EHUk ez duela hori inola ere "errespetatu": "Oinarrizko beharrizan horien gainetik, enpresen interesak lehenetsi ditu". Aldarrikatu du, hala, "ikasleon eta langileon interesak defendatuko dituen unibertsitate eredu bat eraikitzeko bidean", "ezinbestekoa" dela "ikas- eta lan-baldintzen okertzearen aurka antolatzea eta borrokatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK