AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/09 09:55

Hitzordu bat jarri dute elkarrekin Hego Euskal Herriko unibertsitateko emakume taldeek. Bi eguneko jardunaldi batzuk antolatu dituzte hilabete honetarako: apirilaren 24an eta 25ean, hain justu, Bilbon (Bizkaia) bilduko dira. Askotariko auzi politikoak ukitzeko hitzaldiak izango dira nagusi: "Hausnarketarako, eztabaidarako eta formakuntza politikorako espazio bat" sortuko dute, emakume taldeek azaldu dutenez.

Hilaren 24an, 11:00etan ekingo diote egitarauari, bi hitzaldirekin: Matxismoaren aurpegi berriak, batetik, eta Erasorik gabeko heziguneen borroka, bestetik. Bazkari baten eta ekitaldi baten ostean, arratsaldean jarraituko dute hitzaldiekin. 17:00etatik aurrera, beste bi saio izango dira: Identitateez eta borrokarako subjektuaz, eta Instituzioak: berdintasunarekin konprometituak?. Amaitzean, kontzertu akustiko bat eskainiko dute.

Hurrengo egunean, hilaren 25ean, ordu berdinean hasiko da egitaraua, 11:00etan. Hitzaldi bakarra izango da ordu horretan: Emakume frontearen beharrezkotasunaz. Bukatzean, eta jardunaldien barruan, manifestazio bat egingo dute: 13:00etan, eskubide politikoen alde eta EHUren autoritarismoaren kontra mobilizatuko dira.

Bestalde, arratsalde horretarako ere antolatu dute bazkari bat, eta iluntzean, berriz, zenbait DJ arituko dira. Oraindik ez dute hitzaldi eta ekimen bakoitza zein tokitan izango den zehaztu, baina laster emango dute xehetasunen berri.

EZ DAGO IRUZKINIK