AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/04 08:43

Euskal Herrian, urtea hasi zenetik, gutxienez lau emakume erail dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Joan den asteburuan eman zuten azken erailketa matxistaren berri: Iruñeko (Nafarroa) Ermitagaña auzoan, 47 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekideak, bien artean eramaten zuten tabernan.

Erailketa matxista salatzeko, eta Indarkeria matxista orori aurre egin aldarritzat hartuta, mobilizatzera deitu zuen berriz Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Igandean Iruñean bertan, Zarautzen (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia) nahiz Altsasun (Nafarroa) egin zituen protestak Itaiak; atzo, berriz, Tolosan (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) nahiz Beasainen (Gipuzkoa) izan ziren elkarretaratzeak.

"Emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dira, gure zaurgarritasun egoeraz baliatuz", adierazi du Itaiak azken hilketa matxistaren harira: "Horiek, ordea, ez dira gertakari isolatuak, emakumeok zapalduta mantentzen gaituen gizarte baten adierazpen muturrenekoak baizik". Indarkeria matxistari aurre egiteko, beraz, Itaiako kideek beharrezkotzat jo dute "antolakuntza politiko independentea indartzea eta norma kultural matxista borrokatuko duen jarduna lehen lerroan jartzea".

Lau erailketa bi hilabetean

Aurten, gutxienez lau hilketa matxista izan dira jada Euskal Herrian, eta maiatzaren erdialdetik hona gertatu dira guztiak. Maiatzaren 15ean, hain zuzen, Orion (Gipuzkoa) hil zuen emakume bat bere bikotekide ohiak; maiatzaren 28an, Gasteizen (Araba) topatu zuten hilik beste emakume bat, bere bikotekide ohiak eraila, eta ekainaren 15ean, Bilbon (Bizkaia) hil zuen andre bat gazte batek. Mutilaren izeba zaharra zen emakumea. Laugarren erailketa izan da, hortaz, joan den asteburuan Ermitagañan izandakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK