AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/03 08:51

Joan den larunbatean, 47 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, Iruñeko (Nafarroa) Ermitagaña auzoan. Anayak taberna eramaten zuten bien artean, eta han hil zuen emakumea 51 urteko gizonak, arma zuriz. Gero, goiz horretan bertan, polizia-etxe batera bertaratu eta gertatutakoa aitortu zuen hiltzaileak: eztabaida bat izan ostean, bere bikotekidea hil zuela esan zuen.

Anayak tabernako lurrean topatu zuten emakumea, hilik, lepoan egindako ebaki sakon batekin. Atxilo eraman zuten hiltzailea.

Lau emakume erailak aurten

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian argitara atera den laugarren erailketa matxista da honakoa; laurak, gainera, maiatzetik hona izan dira. Maiatzaren 15ean, Orion (Gipuzkoa) hil zuen emakume bat bere bikotekide ohiak; maiatzaren 28an, Gasteizen (Araba) aurkitu zuten hilik beste emakume bat, bere bikotekide ohiak eraila, eta ekainaren 15ean, Bilbon (Bizkaia) hil zuen andre bat gazte batek. Antza, mutilaren izeba zaharra zen emakumea.

Itaiaren protestak

Asteburuan bertan, azken hilketa matxista salatzeko, mobilizazio deialdiak egin zituen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Atzo, hala, Iruñean bertan, Zarautzen (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia) nahiz Altsasun (Nafarroa) egin zituzten elkarretaratzeak, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean.

Gaur ere izango dira Itaiak antolatutako protestak; hain justu, Tolosan (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) nahiz Beasainen (Gipuzkoa).

EZ DAGO IRUZKINIK