Sadaha izeneko andre bat eta bere semea gaur goizean bota behar zituzten euren etxetik Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean. Berez, epaitegitik ordu konkretu bat zeukaten finkatuta etxegabetzerako: 09:00etan gauzatu nahi zuten desalojoa. Kaleratzeari aurre egitera deitu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, ordea, eta 07:30erako jende ugari elkarretaratu da Jarauta kalean, etxegabetzeari aurre egiteko prest.
Ikusita ez Polizia ez segizio judiziala ez zirela bertaratzen, desalojo-agindua zertan zen jakiten saiatu dira sindikatuko kideak. Epailearekin hitz egitea lortu dutenean jakin dute, itxura denez, ezkutuan hurbildu dela Jarautara segizio judiziala, eta ondorioztatu duela ez zegoela familia etxegabetzeko baldintzarik, sindikatuaren mobilizazioa tarteko. Hala ere, epaileak ez du argitu ea kaleratzea gaurkoz bertan behera utzi duten edo ez.
Sindikatuak eguerdian azaldu duenez, epaitegitik ez dute zehaztu zein pauso eman dituzten edo emango dituzten, eta, beraz, arriskuan jarraitzen dute Sadahak eta bere semeak. Dena den, goizeko etxegabetze saiakera, behintzat, lortu dute geratzea. Hurrengo mugimenduei eta deialdiei adi egotera deitu dute.
Argipenik ez epaitegitik
"Ez dakigu oraindik zer gertatuko den, epaitegitik ez digute ezer esan. Hau guztiz inhumanoa dela edonorentzako nabarmena da; nola eduki dezakete familia bat jakin gabe zer gertatuko den goiz osoan zehar?", galdegin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Iker Narbonak. Aurreko astean Alde Zaharrean bertan gertatutakoa gogorarazi du, gainera: sindikatuak Ana Belen izeneko andre baten etxegabetzea atzeratzea lortu ondoren, handik astebetera gauzatu zuten kaleratzea, agindu judizialik gabe.
Eguerdian hitza hartzean, etxegabetzearen aurka mobilizatu diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkiete sindikatutik: "Etorri den jendeagatik ez balitz, 09:00etan etxegabetzea gauzatuko litzateke. Leku askotatik esan digute gauzatu egingo zela eta ezin zela atzeratu. Badakigu, gutxienez, goizekoa saihestu dugula". Hala ere, oraindik indarrean den arriskuaz ohartarazi du.
Iruzur baten biktimak
Sadaha eta mendekotasun-maila handiko bere semea iruzur baten biktimak izan dira, sindikatuak aste honetan jakinarazi duenez: etxejabea ez zen pertsona batek alokatu zien etxea, eta, gero, etxegabetze-prozedura abiatu zuen jabeak. Iruñeko Udalak adierazi nahi izan duen arren bizitoki-alternatiba bat baduela familiak, sindikatuak argitu du gizarte-zerbitzuetatik orain arte mahaigaineratu dieten alternatiba bakarra izan dela, behin-behinean, hoteleko logela batera joatea.
Familiak ezin du aukera hori ontzat eman, ez delako bere zirkunstantzietara eta beharretara egokitzen, eta ezin izan du proposamena onartu. Horiek horrela, familiaren erabakia defendatu du sindikatuak; alegia, kalitatezko alternatiba baten faltan, beren etxean gelditzea.
Desalojo espresen legea
Legez ez dituzte Sadaha eta bere semea maizter gisa aitortzen, eta ez diete etxegabetzeen aurkako moratoria aplikatu. "Emakume honek ez du epaiketa baterako eskubiderik ere izan. Etxegabetze-data epaitegian bista bat egin arte atzeratzea eskatu bazen ere, aukera hori atzera bota du epaileak, eta horrela, defentsa juridikoa izateko eskubidea erabat ezerezean geratu da prozedura honetan", salatu dute aste honetan sindikatuko kideek. Izan ere, "etxegabetze espresen" neurria (5/2018 Legea) aplikatu diote familiari.
Hori guztia dela eta, arriskuan dagoen familiak erakunde publikoen eta Legearen aurrean jasan duen erabateko babesgabetasuna salatu du sindikatuak.