AKTUALITATEA / Osasungintza
Osakidetzak 127 osasun-etxetako ordutegia murriztuko du udan zehar
100 anbulatoriok 17:00ean itxiko dute, 20:00ean beharrean; eta beste 27 zarratuta egongo dira oporraldiko egunen batean. Ez dute aldaketok noiz egingo dituzten adierazi. Denbora da, udaldian ez ezik, Gabonetan ere murrizketak egiten ari direla Osakidetza eta Osasun Saila.
2026eko uztailaren 6 - 06:34
Osakidetzak 127 osasun-etxetako ordutegia murriztuko du udan zehar
— ARGAZKIA Osakidetza

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Alberto Martinez (EAJ) buru duela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-zentro ugaritako ordutegiak murriztuko dituzte datozen udako hilabeteetan. Osasunaren Euskal Zerbitzuak 337 anbulatorio ditu, gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetan banatuta. Hala, gutxienez 100 anbulatoriotako ordutegia mugatu, eta beste 27 itxi egingo dituzte momenturen batean. Ondorioz, nabarmen eragingo dio horrek herritarrek beharko duten osasuneko Lehen Arreta zerbitzuari.

Ordutegi murrizketei dagokienez, 100 osasun-etxek 17:00ean itxiko dute, 20:00ean beharrean. Horrez gain, oporraldiko egun batez behintzat itxita egongo dira beste 27 anbulatorio. Osakidetzak ez du zehaztu aldaketok noiz hasiko diren, ezta 27 osasun-etxe horiek zehazki noiz zarratuko dituzten ere.

Eusko Jaurlaritzak, erabakia hartzeko, osasungintzako langileen oporrak erabili ohi ditu aitzakia gisa. Hartara, EAEko hiru osasun-etxetatik batek baino gehiagok (%38k) murrizketak izango badituzte ere, "kalitatezko osasun-arreta bermatuta" egongo dela adierazi du Lakuako gobernuak, herritarrek "arreta txikiagoa beharko" omen dutela argudiatuta. Hala ere, komunikatu bidezko adierazpenetan aitortu egin dute udako hilabeteetan arreta "beharrezkoa" eta "ohikoa" dela, baita aurrez iragarritako ordutegi hori aldatzea posible dela ere.

Azken urteotan, murrizketak etengabe udan eta Gabonetan

Denbora da agintari politikoek antzerako erabakiak hartu dituztela, udaldian ez ezik, baita Eguberrietan ere. Urtaro beroenean, aurrekoez gain, "eguraldi ona" eta "arnas-aparatuko gaixotasunen beherakada" argudiatu ohi dituzte; neguan, ordea, "langileak kontratatzeko zailtasunak" dituztela esan dute behin eta berriro. Hori dela eta, sindikatuek salatu dute Lehen Arretak urtean 180 egunez pairatzen dituela murrizketa zuzenak. Hala, honako hauek dira azken urteotako Eguberrietako zenbakiak: 2021ean murrizketek 62 anbulatoriori egin zieten kalte; 2022an 90ri; 2023an 104ri; eta, 110ri iaz. Horiek horrela, erabaki horiek agerian utzi dute, berriro ere, EAEko osasun-sistema krisian dagoela, baliabide faltagatik besteak beste (langileak, bereziki).