Hilabete baino gehiago igaro da Ertzaintzak Etxarri II Gaztetxea hustu zuenetik Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan, eta, bezperan hasitako desalojo-prozesuan, hainbat pertsona zauritu zituenetik. Iker Arana izan zen biktimetako bat: desalojoaren aurka protesta egiteko hurbildu zen Etxarrira, baina protestak zapaltzeko kargetan, foam jaurtigai batekin jo zuen ertzain batek. Kolpearen ondorioz, testikulu bat galdu du.
Hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak publikoki aitortu du Arana foam jaurtigai batekin kolpatu zuela Ertzaintzak. Zabalik jarraitzen omen dute gertakariei lotutako azterketek eta barne-tramiteek, baina "behin-behineko ondorioen" berri eman du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak.
Onartu du bilbotarra zauritu zuten lekuan ez zegoela "istilurik" une horretan, eta ematen duela kaltetutako pertsonak "aurkeztutako dokumentazioak salatutako gertaerak islatzen dituela". Hala aitortu du sailburuak: "Salatzaileak irismen laburreko foam jaurtigai baten kolpea jaso zuen; beraz, hasiera batean, tiro egiteko erabili zen arma Ertzaintzak jaurtigai mota horretarako erabiltzen duen 40 milimetroko jaurtigailu bat da".
Gertakariak izan eta hainbat egunera, agerraldi bat izan zen desalojatutako Gaztetxe aurrean, "gau hartan [desalojoaren bezperan] gertatu zena azaltzeko, erasoaren arduradunen aurka legezko ekintzak abiaraziko ditugula informatzeko, eta bortizkeria poliziala salatzeko". Zaurituak berak hartu zuen hitza besteak beste, eta jakinarazi zuen Poliziaren inpunitateari aurre egingo diotela.