AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/04 21:16

Gasteizen (Araba) indarrean jarraitzen du Txosna Batzordeak, Ezker Abertzalearen ekimenez, Gazte Koordinadora Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari jarritako beto politikoak: bi eragileei debekatu diete jaietan gune bat izatea eta txosna bat jartzea. Txosna Batzordeak iaz ezarri zien betoa bi eragileei eta, gerora, Gasteizko Udalak berretsi egin du jarrera hori: ez die espazio-alternatibarik eskaini GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari, Txosna Batzordeak kudeatutako espaziotik kanpo gune bat eduki ahal izateko eta, gainerako eragileek bezala, festetan txosna bat ipini ahal izateko.

GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek apirilean jakinarazi zuten haien kontrako betoa mantentzen duela Txosna Batzordeak, eta beto horrekin lerratu dela Gasteizko Udala. Bere horretan jarraitzen du egoerak, eta, horren aurrean, kalera irten dira Mugimendu Sozialistako kideak: gaur arratsaldean bertaratu dira udaletxe aurrera.

"Irtenbide bat exijitzen dugu. Ezker Abertzaleari txosnetan ezarritako beto politikoa kentzea exijitzen diogu, eta, era berean, udalari, jaietan espazio bat uztea", azaldu dute Mugimendu Sozialistako kideek: "Horregatik etorri gara gaur udaletxe aurrera; udalari behingoz egoera honi irtenbide bat emateko gurekin batu dadin eskatzeko".

Udalak, ordea, uko egin dio haiekin hitz egiteari, eta polizia-indarrak bidali ditu Plaza Berrira. Sarrera guztiak itxi dituzte poliziek, eta gogor mehatxatu dituzte GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideak: alde egiten ez bazuten, plazatik bortizki kanporatuko zituztela eta milaka euroko isunak jarriko zizkietela esan diete.

Mobilizazioa larunbatean

Apirilean egindako mobilizazio deialdia mantentzen du Mugimendu Sozialistak: manifestazio bat antolatu du larunbat honetarako, hilaren 6rako, Gasteizen. 18:00etan hasiko da mobilizazioa, Andre Mari Zuriaren plazatik, Gasteizko txosnetan beto politikorik ez! Irtenbidea orain! aldarriaren pean.

EZ DAGO IRUZKINIK