AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2022/02/06 21:08

Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak gaur jakinarazi dutenez, beto politikoa ezarri die Gasteizko Txosna Batzordeak: txosnak jartzea ukatu die bi eragile politikoei. "Aurten beste kolektibo batzuk onartu dituzten arren, Mugimendu Sozialistakoak izateagatik debekatu digute Gasteizko txosnetan parte hartzea", azaldu dute: "Gasteizko Udalak txosnak jartzeko eskaintzen duen espazio bakarretik baztertu gaituzte, arrazoi ideologiko eta politikoak medio".

Ustez, "oinarri politiko ez baztertzaileak" izateari edota "irizpide oso zabal batzuei" erreparatzen zaie txosna jartzeko eskubidea onartzeko edo kentzeko, baina, GKSk nahiz Etxebizitza Sindikatuak irizpide horiek bete arren, Txosna Batzordeak ez die eskubide hori onartu. "Horrela erabaki du, bozkaz, txosnetan parte hartzen duten eragileen gehiengoak".

Ustezko arrazoiak

Horretarako, zenbait arrazoi eman dituzte. Batetik, esan dute "mobilizazio-agenda eta estrategia politiko propioak" izatea dela txosnarik jartzen ez uzteko arrazoietako bat. "Gure arabera, hori ez da arazo bat, gure estrategia eta egutegia edukitzea erabat zilegia delako", argitu dute, kontrara, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak.

Bestetik, Txosna Batzordeak "eragile gatazkatsutzat" jo ditu Etxebizitza Sindikatua eta GKS, eta horri ere heldu dio txosnetatik biak kanporatzeko. "Aurreko puntuarekin loturan, gure mobilizazioak antolatzea, haien jardunaren kritika politikoa egitea, proposamen politiko integralak zein esparru ezberdinei zuzendutako proposamenak egitea (adibidez gazte esparruan, emakumeenean...), eraso modura ulertzen dute Txosna Batzordeko zenbait eragilek", salatu dute Etxebizitza Sindikatuak eta GKSk.

Horretaz gain, ordea, azaldu dute difamazioetara eta gezurretara ere jo dutela bi eragileei txosnak jartzea debekatzeko: "Egiten dugun lana eta gure asmoak zuzenean manipulatzeko gezurrak ere erabili dituzte; besteak beste, eraso matxisten protokoloa ez dugula beteko edota Txosna Batzordea kontrolatzeko asmoa dugula. Gure iritziz, azken argudio horrek agerian uzten du zenbait eragilek Txosna Batzordeari buruz duten jarrera, hain zuzen, beraiek egiten dutena leporatzen digute guri".

Beto politikoa

Etxebizitza Sindikatuak eta GKSk seinalatu dute, hain justu, horregatik diotela beto politikoa jarri diela Txosna Batzordeak: "Gu kanpoan uzteko arrazoiak Mugimendu Sozialistako antolakundeekin soilik erabiltzen dira".

Azaldu dutenez, txosna jartzeko irizpideak Txosna Batzordeak berak jarritakoak dira, baina "aniztasun itxura zuritzeko" baino ez dira. Esaterako, "zenbait eragilek ez dituzte haiek jarritako irizpideak betetzen", baina badute txosna jartzeko eskubidea.

Gaur-gaurkoz, Gasteizen txosnak jartzeko prozeduraren arabera, Txosna Batzordea da Gasteizko Udalarekin bitarteko-lanak egin ditzakeen agente bakarra. "Horrela, txosnen espazioa, dirulaguntzak eta finantzazio-iturria ildo politiko jakin baten eskuetan geratzen dira soilik", ohartarazi dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak.

"Txosna Batzordeak udalarekin daukan harreman pribilegiatua nola erabiltzen duen salatzen dugu, eta eskatzen diogu gure aurkako beto politikoa kendu dezatela", adierazi dute.

IAren txosna arriskuan

"Egoera hau txosnagunean urte luzez egon diren Ikasle Abertzaleakeko kideak kanporatzeko erabil dezaketela ere ohartarazi nahi dugu", gaineratu dute GKSko eta Etxebizizitza Sindikatuko kideek. "Txosna Batzordean bertan, Ezker Abertzale ofizialistako kideek lehen mugimenduak abiatu dituzte norabide horretan".

EZ DAGO IRUZKINIK