AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizen iaz egindako mobilizazioa, abuztuan.
2023/05/04 12:25

Gazte Koordinadora Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari, festetan gune bat izatea debekatu diote Gasteizko (Araba) Txosna Batzordeak eta Gasteizko Udalak. Mugimendu Sozialistako bi eragileei iaz ezarritako beto politikoa mantentzen du Txosna Batzordeak, eta harekin bat egin du aurten udalak, GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek apirilean salatu zutenez: "bere erantzukizuna saihesten eta beste albo batera begiratzen" jarraitzen du udalak, "Txosna Batzordearen betoa berretsiz".

Izan ere, udalak dio "Gasteizko jaietan txosna jartzeko espazio bakarra Txosna Batzordeak kudeatzen duen txosnagunea dela", eta ez die inolako espazio-alternatibarik eskaini GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari, Txosna Batzordeak ohiko txosnagunean toki bat izatea debekatu dien arren.

Joan den hilabetean, agerraldi jendetsu baten bidez eman zuen egoeraren berri Mugimendu Sozialistak, eta protestara deitu zuen. Zehazki, larunbat honetarako, maiatzaren 6rako, antolatu du mobilizazio bat, Gasteizko txosnetan beto politikorik ez! Irtenbidea orain! aldarriaren pean. 18:00etan hasiko da manifestazioa, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik. "Espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta, zehazki, Gasteizko jaietan txosna jartzea defendatzen jarraituko dugu", esan zuten GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK