BSHko zuzendaritzak Ezkirozko (Nafarroa) lantegia zarratuko zuela iragarri eta urtebetera, guztiz gelditu dute jada fabrikako jarduna. Azken hilabeteetan apurka-apurka helarazi eta gauzatu ditu ehunka beharginen kaleratze-gutunak, eta ekoizpena erabat etenda dago jada. Noticias de Navarra-k nabarmendu duenez, Nafarroan inoiz izan den Enplegu-Erregulazioko Espedienterik handiena izan da BSHkoa, 600 lanpostu suntsitu baitituzte.
Alemaniako multinazionaleko zuzendaritzak 2024ko Gabonen atarian, abenduaren 16an, jakinarazi zuen Ezkirozko lantokia itxi nahi zuela, etxetresna elektrikoen ekoizpena (500 bat langile) eta bulegoetako lana (100 inguru) geratuz. Eskatu zien, gainera, "normaltasunez" lanean segitzeko, itxiera gauzatu bitartean. Langile-batzordeak, ordea, hamaika aldiz salatu du deslokalizazio-estrategia bati erantzuten diola itxierak; eta deigarria dirudi BSHk, Ezkirozko fabrika zarratu duen bitartean, Zaragozako lantokia handitu izana.
Hilabete luzetako langile-borroka
Zuzendaritzaren asmoen berri izan bezain pronto ekin zien mobilizazioei BSHko plantillak, itxierari ezetz esateko: Iruñean egindako lehenengo manifestazioan, adibidez, 3.500 pertsona bildu ziren beharginekin elkartasunez. Otsailaren 16an beste mobilizazio handi bat izan zen Nafarroako hiriburuan, indarrak batu baitzituzten borrokan ari ziren hainbat enpresatako langileek.
Udaberrian ere segitu zuten protestek eta lanuzteek BSHn. Martxoko mobilizazio batean haien aurka oldartu zen Foruzaingoa, baina horrek ez zituen kikildu, eta fabrikaren itxieraren aurka antolatzen jarraitu zuten: lantegian bertan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Iruñeko kaleetan eta abarretan egin zuten protesta.
Ekainean baieztatu ziren usterik txarrenak
Ekainaren hasieran, ordea, albiste txarra baieztatu zen: Nafarroako Gobernuarekin eta Industria Ministerioarekin bildu zen enpresako zuzendaritza, eta adierazi zuen behin betikoa zela lantegia zarratzeko erabakia. Nafarroako Gobernuak, hitzez, enpresaren erabakiarekiko desadostasuna erakutsi zuen; eta Nafarroako Lan Ikuskaritzak irailean esan zuen BSHk fabrika ixteko emandako arrazoiak ez zirela nahikoa. Horrek ez du aldaketa errealik ekarri, ordea, eta erakundeek ez dute biderik itxi enpresak Ezkirozko jarduna eten eta ehunka langile kaleratu ditzan. Bai enpresak bai instituzioek egin dituzte, hilabete luzez, "berrindustrializazioa" bultzatzeko eta inbertitzaileak bilatzeko promesak, baina ezerezean geratu dira momentuz.
Langileek jasandako infernua eta negoziazioak
Ezkirozko beharginek udaren hasieran salatu zituzten jasaten ari ziren "infernua, tortura eta umiliazioa", itxiera-prozesua plantillaren osasunean eragiten ari zela eta "absentismoak" gora egin zuela ohartaraziz. Egoera horretan hasi zen langileen kaleratzeari buruzko negoziazioa Irurtzunen (Nafarroa), ekainaren erdialdean, fabrikatik urrun.
Itxiera saihesteko alternatibei uko egin zien enpresak, eta langile-batzordeak "ekoizpen-arrazoien" aurkako kontra-txosten bat aurkeztu arren, bere estrategiarekin aurrera egin zuen BSHk. Sanferminen atarian langileak berriz mobilizatu ziren Iruñean, +1.000 familia traizionatuak lelopean, "prozesu gizagabe honen azken txanpa" hasi zela gogoraraziz.
Aurreakordioa uztailean, eta pixkanaka burututako itxiera
Uztailaren bukaeran jakin zen azkenera iristen ari zela negoziazioaren kontsulta-aldia. Azkenean UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek egin zioten bide aurreakordioari, eta plantillaren gehiengoak baiezkoa eman zion, %21ek ezetz bozkatu zuten bitartean.
Besteak beste, 655 langileetatik 609 kaleratzea jasotzen zuen proposamenak, baina fabrikak urte honen bukaerara arte martxan jarraituko zuela zehaztu zuten, aurreikusitako ekoizpena bete ahal izateko. 50 urtetik beherako langileak behartu zituzten azaroaren 30era arte lanera joan behar izatera, eta hori baino zaharragoei, berriz, are gehiago luzatu zieten azken lanaldia.
Horrekin batera, "berrindustrializazio-alternatiba posibleak bilatzen" segitzeko asmoa zuela esan zuen enpresako zuzendaritzak aurreakordioa erdiestean. Langile-batzordeko presidente Juanjo Hermoso de Mendozak (LAB) oraintsu gutun batean azaldu duenez, 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da fabrikaren berrindustrializazioari buruzko elkarrizketa, eta bertan izango da Nafarroako Gobernua ere. Cadena Ser-ek gaur bertan jaso duenez, "berrindustrializazio-eskaintza" baten esperoan segitzen dute beharginek, eta zenbait iturrik diote bisitaren bat izan zela fabrikan aurreko astean.
Hermoso de Mendozak gogorarazi du, gainera, hainbat langilek jo zutela auzitegietara demandak jartzeko, Enplegu-Erregulazioko Espedienteak kaltetu egin zituela salatuz. Urtarriletik aurrera izango dira demanda horiei lotutako zitazio judizialak.