Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresa ixteko eta 650 bat langile kalean uzteko espediente bat ezartzeko asmoz jarraitzen du enpresa-zuzendaritzak, eta atzo izan zen neurriari buruzko hirugarren bilera, Industria Departamentuaren egoitzan. Bilera hasi aurretik elkarretaratu ziren parean langileak, BSH ez itxi kopon! lelopean. Izan ere, itxieraren aurka mobilizatzen eta protesta egiten segitzen dute.
Badirudi Alemaniako multinazionalak uko egiten diola alternatibak aztertzeari, baina zuzendaritzak espedientea justifikatzeko erabili dituen ekoizpen-arrazoien aurka, kontra-txosten bat dauka esku artean langile-batzordeak. Atzo iragarri zuen kontra-txostenaren aurrerapen bat aurkeztuko ziola enpresari. "Espedientea atzera bota eta erretira dezatela eskatzen dugu", zioen batzordeko presidente Juanjo Hermoso de Mendozak bileraren aurretik. Hamabost egun geratzen dira espedienteari buruzko kontsulta-aldia amai dadin.
Uztailaren 5ean, sanferminen atarian, mobilizazio bat egingo dute BSHko beharginek, euren lanpostuen defentsan. Iruñean (Nafarroa) izango da, eta eguerdiko 12:00etan irtengo da Golemetik.
106 baja eta langileen infernua
Langile-batzordeak atzo nabarmendu zuen baja hartzen ari dela plantillako behargin andana, eta, aurreko ostiralean, 106 zirela bajan zeudenak, fabrikan jasaten ari diren egoeraren ondorioz. Langile-batzordeak, gainera, gezurtatu egin zuen enpresak arreta psikologikoa eskaintzen dienik langileei, eta exijitu zuen enpresa egin dadila bajen kargu, gaur egungo egoerak sortutako kalte psikologiko eta emozionalekin lotura baldin badute.
Beharginek aurrez ere salatu dute jasaten ari diren "infernua, tortura eta umiliazioa". Enpresa-zuzendaritzak abiatutako ofentsibak eta itxiera-prozesuak plantillaren osasuna kaltetu duela defendatu du langile-batzordeak, eta "absentismoaren gorakada" eragin duela horrek.