AKTUALITATEA / Soldata sistema

Langileen %50 kaleratu nahi du Sestaoko Vicinayk

British Petroleumekin kontratu bat galdu izana argudiatuta, 60 behargin kaleratu eta gainerakoei aldi baterako lan-erregulazioko espediente bat ezarri nahi die enpresak. Duela hiru hilabete erreskatatu zuten konpainia hartzekodunen konkurtsotik.
2026eko urriaren 26 - 09:30
Langileen %50 kaleratu nahi du Sestaoko Vicinayk
Artxiboko irudia. — ARGAZKIA Tele7Radio7

AKTUALITATEA

Sestaoko (Bizkaia) Vicinay enpresan, erabateko ziurgabetasun-aldi berri bat ireki du zuzendaritzak, murrizketa latzak iragarri baititu. Izan ere, plantillaren %50 kaleratu nahi du, 60 langile alegia, eta gainerako guztiei 2027ko uztailera arte luzatuko litzatekeen aldi baterako lan-erregulazioko espediente bat ezarri nahi die.

Neurriak justifikatzeko, enpresa-zuzendaritzak dio kontratu garrantzitsu bat galdu berri duela British Petroleum konpainiarekin. Argudio horrekin proposatu ditu kaleratze masiboa eta aldi baterako espedientea, eta azaroaren 9an hasiko da neurrien inguruko kontsulta-aldia.

Gaur egun, 130 langile inguru dira Sestaoko lantokian. 2025eko uztailean, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen enpresa, baina joan den udan sartu zuten indarrean erreskate bat: Dámaso Quintanak gidatutako Velora taldeak eskuratu zuen konpainia, Eusko Jaurlaritzaren eta Ekarpen funtsaren (Mondragon taldea, Kutxabank, diputazioak eta abar dituzte loturak) finantza-babesarekin. Bada, erreskatea gauzatu eta hiru hilabetera planteatu ditu murrizketak enpresa-zuzendaritzak.