Skip to Content
AKTUALITATEA / Faxismoa

Núcleo Nacional talde neonaziko hamabi kide atxilotu ditu Poliziak, tartean euskal herritar bat

Hauteskundeak baino hiru aste lehenago, neonazien egoitzetan miaketak egiteko agindu du Espainiako Barne Ministerioak, eta Ukrainan formakuntza militarra jasotzen egon zen euskal herritarra dago atxilotuen artean. 2025. eta 2026. urteen artean, gutxienez 50 antifaxista atxilotu dituzte hamaika sarekadatan; Iruñerrian bakarrik, lau operazio izan dira antifaxisten aurka azken urtean, eta bat ere ez faxisten aurka.
2026eko azaroaren 6 - 20:29
Núcleo Nacional talde neonaziko hamabi kide atxilotu ditu Poliziak, tartean euskal herritar bat
— ARGAZKIA NN

AKTUALITATEA

Núcleo Nacional (NN) talde neonaziko hamabi kide atxilotu ditu gaur Espainiako Poliziak estatuko hainbat tokitan, Xixongo (Asturias) epaitegi batek koordinatutako operazio batean. Madrilen, Asturiasen, Guadalajaran, Pontevedran, Burgosen, Alacanten eta Valladoliden (hainbat hedabideren arabera bertan du egoitza nagusia antolakundeak) izan dira atxiloketak, eta badirudi euskal herritar bat dagoela atzemandako faxisten artean; berriki Ukrainan formakuntza militarra jasotzen egon den donostiarra, hain zuzen ere.

Gaurko operazioan, NNrekin lotura duten zazpi egoitza miatu dituzte poliziek, horien artean, Madrilgo Las Tablas inguruan dagoen El Nido gimnasioa. Jarduketak sekretupean mantentzen dituzte momentuz, baina hainbat iturriren arabera, otsailean Xixongo La Inmaculada ikastetxearen aurrean izandako istiluen ondorioz ireki zuten ikerketa. Izan ere, bertan bildu ziren Núcleo Nacionaleko hainbat kide, "Simancaseko Heroien" omenezko monumentu bat kentzearen aurka: "Arriba España!" eta bestelako mezu faxista batzuk zabaldu zituzten bertan. Talde neonaziak manifestazio batera deitu zuen larunbat honetarako Madrilen, Ferrazko mobilizazioen hirugarren urteurrenean, baina bertan behera utzi du gaurko atxiloketen ondoren.

Bere izaera neonazia ezkutatzen ez duen talde bat da Núcleo Nacional. 2024ko abuztuan inskribatu zen Elkarteen Erregistro Nazionalean, Espainiako Barne Ministerioaren oniritziarekin, ordurako antolakundearen nondik norakoei buruzko zantzu argiak egon arren. Joan den urriaren 12an, Núcleo Nacionalen kamiseta zeraman gizon batek agur faxista egin zuen Guardia Zibilaren ekitaldi ofizial batean, Gandian (Valentzia): besoa luzatuta egon zen Espainiako ereserki osoa entzun bitartean, agente bakar batek ere hari ezer esan gabe. Horren aurretik jakin zen, gainera, talde faxistaren ordezkaritza bat Ukrainan egon dela berriki, prestakuntza militarra jasotzen; besteak beste, Euskal Herriko nazi bat.

Indarkeria faxistak markatutako ibilbide luze bat

Biolentzia faxistak kaleetan ibilbide luzea egin ondoren etorri da gaurko operazio poliziala. Maiatzean, Poliziak White Boys gazte-talde neonazi bat desegin zuen Asturiasen, 14 eta 22 urte arteko gutxienez hemeretzi kide zituena. Adingabeen Fiskaltzak hamalau eraso fisiko, jazarpen arrazista, droga-trafikoa eta arma debekatuen erabilera egotzi dizkie. Taldeko buruzagiak, adingabea denak, egoitza judizialean aitortu zuen "Núcleo Nacionaleko buruetako batek" emandako jarraibideak segitu zituela, 2024ko irailean Xixongo manifestazio antifaxista bati eraso egiteko, elDiario.es-en arabera.

Pertsona migratzaileak, ezkerreko militanteak, etxerik gabeko pertsonak, homosexualak eta Jehovaren lekukoak hautatu zituen helburutzat taldeak, jipoiak grabatuz besteak beste. 2026ko irailean, AMA Asturiesko bi militanteri eraso zieten Oviedoko San Mateo jaietan, "Arriba España!" oihukatuz; eta, ekainean, Espainiako banderadun kamisetak zeramatzan talde batek adingabe bat inguratu zuen Cagüeñesen.

Joan den udan, Núcleo Nacionalek iragarri zuen politika instituzionalera jauzi egin zuela Noviembre Nacional alderdiaren bidez. Alderdi hori Enrique Lemus eskuin muturreko beteranoak erregistratu zuen otsailean, historikoki Democracia Nacionali lotuta egon den faxista bat. Guardia Zibilak, antza denez, talde horri buruzko ikerketa bat abiatu zuen iazko apirilean: besteak beste, etorkinen "inbasioaren" aurka kaleetan borroka egitera deitu du aurten, eta parte hartu du PSOEren egoitza federalaren aurrean izandako elkarretaratzeetan. Horietako batzuetan, istilu biolentoak eta karga polizialak izan dira. Asturiasko Gobernuak Espainiako Barne Ministerioari eskatu zion taldea desegin zezala, Xixonen egindako kontzentrazioaren ondoren. 

Hauteskunde-testuingurua eta antifaxismoaren aurkako errepresio masiboa: gutxienez 48 antifaxista atxilotu dituzte  azken urtean

Azaroaren 29ko hauteskunde orokorretatik hiru astera iritsi da gaurko operazioa, baina urteetan zehar ikusi da polizia-indarrek eta agintaritzek indar handiagoz jardun dutela antifaxismoaren aurka talde faxisten aurka baino. Defender A Quien Defiende plataformak Novact eta Irídiarekin batera koordinatutako txostenak 380 errepresio kasu dokumentatu zituen 2025ean, 2024an (228 kasu) baino %66,7 gehiago. 1.771 pertsonari eragin zieten kasuek, eta 1.956 eskubide-urraketa zuzen izan ziren. Antifaxismoaren aurkakoak izan ziren horietatik 61 kasu, guztizkoaren %16; Palestinaren aldeko protestei lotutakoak izan ziren 90-94 kasu (%25 inguru), eta etxebizitzaren aldeko mugimenduen kontrakoak 67 (%18).

Iruñerrian, Nafarroako Gobernuaren (PSN buru) eta Espainiako Barne Ministerioaren aginduz, gutxienez lau polizia-operaziotan kolpatu dute mugimendu antifaxista azken urtean. Kontrara, eskuin muturreko talde bakar baten kontra ere ez dute jardun, kazeta honek jaso izan duenez. Irailaren amaieran izan zen azken operazioa, zortzi gazte antifaxista atxilotu baitzituzten Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean bortizkeria handiz. Sarekada horri, gainera, Vito Quiles probokatzailearen aurkako mobilizazioei lotutako beste hiru operazio gehitu behar zaizkio (28 atxilotu ekainean, gutxienez bi otsailean eta gutxienez hiru 2025eko azaroan), eta beste bi atxilotu ere izan ziren 2025eko ekainean, Voxen aurka protesta egiteagatik.

Zaragozako seien kasuak (2019an Voxen aurkako antzeko protesta bat egin ostean desordena publikoagatik zigortu zituzten) ere erakusten du PSOE-Sumar koalizio-gobernuaren jarrera: 2025eko irailean Adrian eta Javitxu indultatu zituzten, baina Imad eta Daniel kartzelan mantentzen dituzte oraindik. Libertad 6 plataformak salatzen duenez, Poliziaren testigantzan soilik oinarritzen da kondena. Diario Socialista-ren esanetan, 2025. eta 2026. urteen artean, gutxienez 48 antifaxista atxilotu dituzte estatu mailan.

Mozal Legeak indarrean jarraitzen du

Ukitzen ez duten oinarri juridiko batean oinarritzen da asimetria hori: Mozal Legea deiturikoan, alegia. Pedro Sanchezen gobernuek uko egin diote hura indargabetzeari, nahiz eta aurretiaz promesa hori egin, eta legedia azaletik erreformatzeko hiru ahaleginetan huts egin dute gainera (2019an, 2023an, eta 2024. eta 2026. urteen artean).

2015. eta 2025. urteen artean, Espainiako Estatuak 2.769.169 zigor tramitatu zituen eta 1.674,8 milioi euro bildu zituen horien bidez. Jarritako isunen %77 (2.100.000 euro inguru), 2018ko ekainetik aurrera ezarri zituzten, ezkerreko gobernua agintean zegoela. Gainerakoa (%23, 640.000 euro inguru), legea indarrean egon zen lehen hiru urteetan ezarritakoa da, PPren gobernuaren pean.

Jada suzko armak lortu dituztenean eta atentatuak prestatzen ari direnean esku hartzen du faxisten aurka Poliziak

Sare faxisten aurka Espainiako Estatuak egiten dituen operazio apurrak dagoeneko armak eskuratu dituztenean gertatu ohi dira. 2025eko abenduan, Espainiako Estatuan The Base-k osatutako lehen zelulako hiru kide atxilotu zituen Poliziak Castellón (Valentzia); Europar Batasunak erakunde terroristatzat jotzen du hura. Material paramilitarrarekin trebatzen ari ziren eta bederatzi arma atzeman zizkieten, horietako bi suzkoak. Politikarien, juduen, musulmanen, etorkinen, antifaxisten eta LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak egiteko asmoa zuten antza, "arraza-gerra" bilatzen duten taldeen norabide berean.