Ekainaren 9an jakin zen behin betikoa dela BSH enpresako zuzendaritzaren erabakia, eta berehala itxiko duela Ezkirozko (Nafarroa) fabrika, 655 langileak kalera bidaliz. Ordutik, lantegian protestak egin dituzte beharginek. Itxiera eta horren ondoriozko kaleratzeak aurrera doaz, ordea, eta gaur hasi da negoziazioa enpresaren eta langile-batzordearen artean, Irurtzungo (Nafarroa) Plazaola hotelean.
Langileek salatu dute Ezkirozko lantokitik 30 kilometrora antolatu duela bilera enpresa-zuzendaritzak, eta atzo arratsaldean izan zutela hitzordu zehatzaren berri, posta elektroniko bidez. Beharginen esanetan, zuzendaritzak arrazoi garbi bategatik zehaztu du bilera hain denbora-tarte txikiarekin eta fabrikatik hain urrun: langileen mobilizazioak galarazteko.
Ez du lortu, ordea, eta Plazaola hotel aurrean elkarretaratu dira goizean, Uharteko (Nafarroa) BSHko langile-batzordeak deituta. Hainbat mezu irakur zitezkeen beharginen pankartetan: "BSH ez itxi", "Nafarroako industriaren alde", "Ez da errentagarritasuna, diruzalekeria da" eta abar.
Printzipioz, lau astez luzatuko da kaleratzeen inguruko negoziazioa. Gaurko bilera hainbat orduz luzatu da, eta langile-batzordeko kideek jakinarazi dutenez, abiapuntu miserablea markatu nahi izan du zuzendaritzak: plantillarentzat eskaini dituen kalte-ordainak baxuak dira, legez ezarritako minimoak hain zuzen ere.
⚠️ BSHko 655 langileen kaleratzeari buruzko negoziazioaren lehen eguna Irurtzungo Plazaola hotelean.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 17, 2025
Langileek salatu dute Ezkirozko fabrikatik urrun eta denbora-tarte txikiarekin deitu duela bilerara enpresako zuzendaritzak, mobilizazioak oztopatzeko. pic.twitter.com/ab8yRFFj7I