AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/24 11:58

Agerraldi bat egin du gaur goizean Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Alde Zaharrean bizi diren hiru familia zaurgarriren egoera azaltzeko. Izan ere, Ensanche 21 agentziaren bitartez, haiek etxegabetzeko prozedurak jarri ditu martxan Gasteizko Udalak. Zehaztuta dago jadanik lehenengo etxe-kaleratzearen data: datorren apirilaren 23a. 

Sindikatuko kideek salatu dutenez, PSOE buru duen udalak "bere eskura dauden baliabide guztiak" jarri ditu martxan hiru familia horien etxegabetzeak azkartzeko, "epaitegietan eta gizarte-zerbitzuetan presioa eginez, besteak beste". Gainera, erakunde publikoak "zailtzen" ari dira familia horiei etxegabetzeen aurkako moratoria ezartzea, instituzioek "sistematikoki ukatzen" baitute hiru familien "zaurgarritasun egoera". Adin txikiko hainbat pertsona daude tartean.

Gasteizko Udala, hipokrita eta errudun

Horiek horrela, udalaren "hipokrisia" seinalatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Gogorarazi duenez, "etxebizitza-krisiaren testuinguru orokorrean eta HAPO berriaren eztabaidaren markoaz baliatuta, ahoa bete zaio [udalari] kezka eta promesa faltsuekin". Hain zuzen ere, Maider Etxeberria alkateak duela hilabete esan zuen bere "kezka nagusietako bat" dela etxebizitza; defendatu zuen "etxebizitza eskubide bat dela" eta "bere eskura" dauden "formula guztiak" baliatuko dituela "Gasteizen bizi diren pertsona guztiek etxebizitza duin baterako sarbidea eduki dezaten". Bitartean, baina, hainbat familia etxegabetzeko prozedurak ditu esku artean.

"Guk geure buruari galdetzen diogu, eta udal-taldeari galdetzen diogu, ea zer formulaz ari ote den, egoera zaurgarrienean dauden pertsonak babestu beharrean, haien etxeetatik kanporatzen dituenean", kritikatu dute sindikatuko kideek: "Galdetzen diegu ea nola hitz egin daitekeen etxebizitza-eskubideaz, jendea etxegabetzen den bitartean. Eta galdetzen diegu ea zertaz ari diren etxebizitza duinetarako sarbideaz ari direnean, haien eskura dauden baliabide guztiak aktibatzen badituzte adingabeak dituzten familiak kale gorrian uzteko". Udalari eskatu diote, hala, "hipokrisia alde batera utzi" eta "arduraz jokatu" dezala: "Hau da benetako esku-hartzea egiteko unea. Egin ezean, beranduegi izan daiteke etxea galtzear dauden hiru familientzat".

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren exijentziak

Egoera ikusita, sindikatuak hainbat exijentzia egin dizkio udal-gobernuari: "negoziazio-mahai bat ireki dezala sindikatuarekin eta familiekin, familien ongizatea babesteko"; eta "ez dezala etxegabetzeetako bat bera ere gauzatu, familiei kalitatezko alternatiba bat ziurtatzen ez bazaie". Sindikatuak lanean jarraituko du "etxegabetzea bide judizialetik geldiarazteko", baina nabarmendu duenez, "instituzioen babesgabetasunaren eta haiek beraiek gauzatzen dituzten etxegabetzeen aurrean, antolakuntza eta presioa dira geure burua defendatzeko bide bakarrak".

EZ DAGO IRUZKINIK