AKTUALITATEA / Errepresioa

Krisia Santurtziko Udaltzaingoan, Anderren hilketaren ostean

Baja ugari izan dira joan den udatik, eta PSOEren arabera, behin-behineko kontratazioetarako poltsako agenteek ez dute Santurtzin hasi nahi. Hainbat udaltzainek ekainaren bukaeran erail zuten Ander, interbentzio bortitz batean.
2026eko urriaren 14 - 08:10
Krisia Santurtziko Udaltzaingoan, Anderren hilketaren ostean
Santurtziko Udaltzaingoaren egoitza, hilabete honen hasieran Anderrentzat Justizia eskatzeko izandako manifestazioan.

Santurtziko (Bizkaia) PSOEk udaltzaingoari dagokionez egindako azken salaketaren berri eman du Cadena Ser-ek. PSOEko bozeramaile Juan Andradesek salatu duena, dena den, ez da bortizkeria polizialari lotutako ezer izan: seinalatu du udaltzaingoan, momentu honetan, agente falta dagoela. Izan ere, badirudi azken hilabeteetan pilatu egin direla udaltzainen artean izandako bajak, eta bitarteko agenteen lan-poltsaren bidez ere ez dutela lortu hutsuneak betetzea.

PSOEk emandako datuen arabera, udaltzainen erdia egon zen bajan udan, Ander Saenzen hilketaren ostean hain zuzen ere. Udaltzaingoak ekainaren 22an interbenitu zuen modu basatian Anderren aurka, taser pistolaren bidez besteak beste, eta esku-hartze biolento horren ondorioz hil zen gaztea handik gutxira, ospitalean. Hori eta gero udaltzaingoan izan ziren bajez gain, badirudi behin-behineko kontratazioetarako lan-poltsan ere arazoak egon direla, eta hautagaiek ez dutelako Santurtziko Udaltzaingoan lanean hasi nahi, aipatutako irratiaren arabera.

PSOEk, nagusiki, azken urteetan udaltzaingoa kudeatu den moduarekin lotu du krisia, "ez soilik ekainaren 22ko gertaerekin eta Anderren heriotzarekin". Buruzagitza polizial argi bat aldarrikatu du, hala. Abuztuaren hasieran, dimisioa eman zuen Santurtziko Udaltzaingoko buru Ibon Iturraspek, Anderren hilketa polizialak eragindako presio betean.

Udaltzainek Ander erail aurretik, izan zen polizia-indar horri lotutako beste krisi bat: udaltzaingorako oposizio batean izandako filtrazioa atera zen argitara. EAJko zinegotzi batek, Sonia Lopezek, azterketa izan aurretik pasatu zizkion galderak bere ezagun bati, antza denez. Ustelkeria kasu hori zela-eta, dimisioa eman behar izan zuen Karmele Tubilla alkateak.