AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/13 16:34

Europar Batasuneko estatu kideei eta Schengengo kide diren herrialdeei zirkulazio libreko espazioa zaintzeko sorturiko agentzia da Frontex. Sortu zen unean 6,5 milioi euroko aurrekontua izan bazuen ere, urtetik urtera finantziazioa etengabe handitzen joan da, 2022an 754 milioi euro baino gehiago jasotzeraino. Urte bakoitzeko batez besteko igoera %705ekoa izan dela kalkula daiteke.

2020. eta 2022. urteen artean soilik, Frontex agentziaren finantziazioa %200 baino gehiago hazi da: 364.432.654 euro 2020an, 535.245.042 euro 2021ean eta 754.375.142 euro 2022an. Urte horietan kontratazioetara bideratutako diru kopuruari dagokionez, 71 milioi eurotik 160 milioira igo zuten.

Frontex agentziak EBra migratzen duten pertsona ugari kanporatu eta euren jatorrizko herrialdeetara itzularazten ditu, bi modutan. Alde batetik, EBko herrialdeei itzultze-kudeaketak egiten laguntzen die eta, bestetik, bere kabuz, gestio guztiak ere egin ohi ditu. Bada, azken bi urteetan, migratzaileen kanporaketak gauzatzera bideratutako diru-partidak %480 handitu dira, 16 milioi eurotik 78 milioira.

Agentziaren ekipamendu bereziak finantzatzeko dirulaguntzek ere gorakada nabarmena izan dute azken bi urteetan. 2020. urtean 17,5 milioi euro jaso zituen Schengen zonaldeko kideen eta EBren partetik, eta 2022an, berriz, 152,3 milioi euro; bi urte eskasean %870eko igoera, hain zuzen.

Frontex agentziaren finantziazioak EBren eta Schengen eremuaren kanpo-politiken berri ematen digu. Periferian kokatzen diren populazioen migrazio-fluxuak modu masiboan handitu diren unean, Mendebaldeko zibilizazioaren ateetatik urrun mantentzeko baliabide tekniko, pertsonal eta militarrak neurririk gabe finantzatu direla ikus daiteke.

EZ DAGO IRUZKINIK