AKTUALITATEA / Errepresioa
4.000 euroko isunekin zigortu dituzte Subflubiala Ez plataformako zazpi kide
Mozal Legearen 36.3. artikuluan oinarrituta, desordena publikoa eragitea leporatu diete. Ertzaintzak gezurra erabili duela salatu du plataformak, eta gertakariok protestarako eskubidearen aurkako erasoak direla. Subflubialaren obren hasieraren aurka, kanpaldia egingo dute asteburuan Leioako Artatza parkean.
2026eko uztailaren 3 - 05:14
4.000 euroko isunekin zigortu dituzte Subflubiala Ez plataformako zazpi kide

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzaren bidez, Subflubiala Ez plataformako zazpi kide isundu ditu, bakoitzari 600 euroko zigor ekonomikoa jarriz. Mozal Legearen 36.3 artikuluan oinarrituta, desordena publikoa eragitea egotzi diete. Hala, plataformak 4.000 eurotik gorako zigorrei egin beharko die aurre, iazko urrian egindako ekintza batengatik.

Hain zuzen, urriaren 16an, "Subflubialaren aurka manifestazioa urriak 18" zioen pankarta bat erakutsi zuten hiru lagunek Bizkaiko Foru Aldundiaren (Bilbo) jauregian, eta, bisita gidatu bat baliatuta, eraikinaren barruan kateatu ziren makroproiektuaren kontra protesta egiteko. Orain, ekintza harengatik isunak iritsi zaizkie, baina, leporatzen dietenaren aurka, ekintzaileek adierazi dute ez zutela "inongo momentutan hiritarren segurtasunean larriki eragin". Are, "pertsonen joan-etorrian ez zuen eraginik izan protestak, eta jauregian egiten ari ziren bisita gidatuak bere horretan jarraitu zuen", plataformaren esanetan.

Hori gutxi ez, eta Ertzaintzak salaketan "gezurra" erabili duela salatu dute. Izan ere, plataformako eledun Hodei Rodrigezek Berria-ri azaldu dionez, ertzainek salaketa jartzeko erabili duten bideoan argi eta garbi ikusten da hiru pertsona ageri direla ekintzan, baina autoak dio sei izan zirela. Helegitea jarriko dutela ere jakinarazi du Rodriguezek, isuna ez baitute "onartzen". Protesta-ekintza egin eta bi egun beranduago, Bilboko kaleak hartu zituen plataformak antolatutako mobilizazio jendetsu batek, eta bertan ezetz esan zioten ehunka lagunek aldundiak egin asmo duen Leioa (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpiko tunelari.

Gertakariok gaitzesteko agiri bat plazaratu du plataformak, eta bertan esan dute isun horiek "herritarren askatasunaren" eta "protestarako eskubidearen aurkako" erasoak direla. Hala eta guztiz ere, borrokan jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute, tunelak eragingo dituen kalteak salatzeko, baita borroka horren ondoriozko errepresioa ere.

Ebidentzia ugarik zalantzan jarri dute makroproiektua. Batetik, epaitegiek oraindik ez dute hura aztertu eta ebatzi, eta baliteke egitasmoa gelditzea. Bestetik, azken hilabeteetan herritar andanak salatu du makroproiektuak "ondorio sozial eta ekologiko" lazgarriak izango dituela. Azken hilabeteotan, besteak beste, makroproiektuaren hainbat alderdi salatu dituzte: obrek iraun artean auzoko bizilagun eta ikasleek bibrazioak, zarata eta kutsadura pairatuko dituztela; Leioako Artatza parkeko zuhaitzak bota dituztela, CO2 gasaren emisioak nabarmen haziko direla, eta egitasmoak Ballonti errekari eragingo diola, besteak beste. Hartara, hainbat mobilizazio egin dituzte orain artean. Eta, hurrengoa ere, bertan da: datorren larunbatetik iganderako gauean, hilaren 4tik 5era, kanpaldia egingo dute Leioako Artatza parkean; berdegune eta jolastoki horretan egingo dute tunelaren ahoetako bat. Parkeak ondoan du Artatza-Erromo ikastetxea, eta bertako ikas-komunitatea ere haserre da: obraren nondik norakoak ageri dituen txostenean, orduro 48 kamioi inguru igaroko direla onartzen da.