"Espetxealdi iraunkor berrikusgarria" ontzat eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den urriaren 6an, Parlamentuko oposizioko hainbat alderdi politikok bere garaian aurkeztu zituzten helegiteak ukatuta. PPren exekutiboak gehiengo osoz ezarri zuen legea, duela sei bat urte.
Orain,
Espainiako Gobernua aldatu den arren, PPk garai hartan ezarritako irizpidea gailendu da Auzitegi
Konstituzionaleko epailetzan, lau
botoko aldearekin. Gauzak
horrela, hainbat adituren ustez "biziarteko espetxealdia" ekarriko
lukeen
zigor-modalitateak
indarrean jarraituko du Espainiako Estatuan.
Berez, Konstituzioaren aurkakoa
Espainiako
Konstituzioaren 25.2 artikuluak argi dio "zigor
askatasun-gabetzaileak eta segurtasun-neurriak berreziketara eta
gizarteratzera bideratuta" daudela ustez. Todo por hacer aldizkari libertarioak azaldu duenez, ordea, "norbait espetxean betiko giltzapetzean, delitugilea
gizarteratzeko helburuaz bestelako helburu bat bilatzen ari dira;
zigorra, kasu". Areago, espetxealdi iraunkorrak "delitugilea
betirako baztertzea" dakarrela dio argitalpenak, "askatasunean
bizitza arrunta izateko aukerari uko eginez".
Horren guztiaren arrazoiketa juridikoa ondokoa litzateke: "segurtasun-sentsazioa" eta "biktimen gogobetetasuna" gizarteratze-printzipioaren aurretik lehenestea. Hori gutxi balitz, Julian Rios legelariaren iritziz, biziarteko espetxealdiak "Konstituzioko 25.1 artikuluko legalitate printzipioa" urratuko luke, izan ere, zigorra berrikusgarria den heinean, espetxealdia mugagabe bihurtzen da. "Giza duintasunerako eskubidea haustea" edota "zigor krudel zein umiliagarriak ezartzea debekatzen duten nazioarteko itunei entzungor egitea" ere egotzi izan zaio araudiari.
Konstituzionalaren aitzakia
Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, neurriaren "berrikusgarritasunak"
emango
lioke
gizarteratzeko aukera zein "pizgarria".
Europako beste hainbat estatutan
antzeko
justifikazio bat
darabilte,
desberdintasun bakarrarekin: Espainiako Estatuan berrikusketak 35 urteraino
luza daitezke; beste estatu batzuetan, gehienez
jota, hamazazpi
edo hemezortzi urte ezartzen
dituzte.
Gora doan babes soziala
Azken
inkesten arabera, espetxe-zigor
gogorrenek gero eta babes sozial handiagoa dute Espainiako
Estatuan. Gainera, gora
doaz biziarteko
espetxealdiaren erabilera zabaltzea babesten duten iritziak. "Soilik norbaitek
horma horien barruan oinak jartzen dituenean, hainbat orduz
bada ere, has daiteke ulertzen 20 edo 30 urte giltzapean igarotzea zer izan
daitekeen", dio Todo por hacer-ek.
Riosen hitzak ildo beretik doaz: "Botere politikoak betiereko espetxealdiaren proposamenaren oihartzuna jasotzen du, oinarrizko eskubideen nahiz zigorren ondorioen azalpen sozialaren inguruko gogoeta lasaia modu interesatuan baztertuta". Aldizkariak ondorioztatzen duenez, "biziarteko zigorrari aurre egitea populismo zigorzalearen olatu gorakorrari aurre egitea da".