AKTUALITATEA / Sahara
Marokok Fronte Polisarioko kide bat eta bere bi lagun erail izana salatu du Gasteizen saharar komunitateak
Espainiako Estatuko "koalizio-gobernuaren isiltasuna" gaitzetsi dute sahararrek: "Saharar herriaren aurkako edozein eraso publikoki eta argi gaitzestea eskatzen dugu".
2026eko ekainaren 12 - 20:24
Marokok Fronte Polisarioko kide bat eta bere bi lagun erail izana salatu du Gasteizen saharar komunitateak

Gasteizen (Araba), Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean elkarretaratu da gaur saharar komunitatea, salatzeko Marokok Fronte Polisarioko militante bat eta bere bi lagun erail dituela berriki; Lehbid Mohamed Abdelaziz, Gali Luchaa eta Salek Muhsenen. "Marokoko indar okupatzaileek Mendebaldeko Saharako lurralde askatuetan egindako erasoa" gaitzesteko egin dute protesta, arratsaldeko 16:30ean hasita. Antolatzaileek seinalatu dutenez, gertatutakoak erakusten du "Marokok zer nolako zigorgabetasunarekin jokatzen duen nazioarteko komunitate baten aurrean, zeinak, hainbat alditan, beste aldera begiratzea erabakitzen duen".

Espainiako Gobernuari dagokionez, hain zuzen ere, "isilik" geratu dela salatu du saharar komunitateak: "Espainiak, nazioarteko zuzenbidearen arabera Mendebaldeko Saharako de jure potentzia administratzaile den aldetik, erantzukizun historiko, politiko eta morala du saharar herriarekin". Horiek horrela, "koalizio-gobernuaren isiltasuna" kritikatu du, eta exijitu du "saharar herriaren aurkako edozein eraso publikoki eta argi gaitzestea". 

"Saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea errespetatu" dadila ere eskatu du sahararren komunitateak gaurko kontzentrazioan, "Nazio Batuen ebazpenak eta nazioarteko zuzenbidea" bete daitezela galdeginez. "Gure herriaren justizia, memoria eta duintasunarekiko konpromisoa berresten ditugu", gaineratu dute manifestariek.