AKTUALITATEA / Errepresioa
EAJk txosnetako gatazka baliatu du, Poliziak tokia izan behar duela aldarrikatzeko
EH Bilduk ere hainbatetan gaitzetsi du herri-mugimenduek Poliziarekiko jarrera kritikoa izatea; Ondarroan, EH Bilduren udalak dirulaguntza bat kendu die txosnen antolatzaileei, polizia-indarrekiko kritiko agertzeagatik.
2026eko ekainaren 11 - 15:30
EAJk txosnetako gatazka baliatu du, Poliziak tokia izan behar duela aldarrikatzeko

Mugimendu Sozialistak (MS) txosnetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko abesti bat Eusko Legebiltzarrera eraman eta letra horiek MS bera kriminalizatzeko erabili ostean, argudiaketari buelta eman dio Bingen Zupiriak: kantaren mezua manipulatu du, polizia-indarrek txosnaguneetan tokia izan beharko luketela erreibindikatzeko.

Euskal Herriko 450 kulturgilek aurreko astean sinatu zuten manifestu bat, Bada Garaia lelotzat hartuta: gaitzetsi egin zuten MSri Gasteizko Txosnetan eta Bilboko Konpartsetan jarri dieten debekua, aldarrikatuz txosnetan parte hartzeko eskubidea dutela Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nahiz Luberri Konpartsak, aukera-berdintasunean. Bada Garaia ekimenak horren aurretik aurkeztu zuen MSren kontrako betoa salatzeko abestia: bada, lehenengo, kanta kriminalizatu zuen Zupiriak, polizia-indarrekiko "istiluak" bultzatzen zituela esanez; orain, ordea, abestiak eta mezuak izandako arrakasta probestu du jeltzaleak, Poliziak txosnetan presentzia bermatuta izan beharko lukeela defendatzeko. Bada Garaia kanta jomugan jartzean, Zupiriak gaineratu zuen "gazte-sektore batzuek" uda honetan "istiluak" egotea bilatuko dutela, txosnaguneei erreferentzia eginez batik bat.

EH Bildu: Zupiriak bultzatutako tentsio-gorakada elikatzen

EH Bilduko buruzagi Arnaldo Otegiri aste honetan egin diote elkarrizketa bat Radio Euskadin, eta MSri hainbat txosnatan ezartzen dioten betoari buruz galdetu diote, besteak beste. Otegik esan du ez duela betoa babesten, baina kontakizun faltsu bat egin behar izan du gero, beto horixe bera justifikatzeko: defendatu du MSk ez dituela jai-guneetako "arauak onartzen", eraso matxisten aurkako protokoloak kasu; hainbatetan gezurtatu den zerbait. 

Hori gutxi balitz, Zupiriak tentsioa areagotzeko eta etorkizuneko balizko interbentzio polizialak justifikatzeko egindako baieztapen bat bere egin zuen Otegik: EH Bilduko idazkariak adierazi zuen "uda honetan istiluak egoteko interes handia duen jende bat" dagoela, baina ez dela "ezker independentista". Alegia, fokua beste herri-mugimendu batzuen gain jarri nahi izan zuen.

Ondarroa edo Beasain adibide: EH Bilduk ere Poliziarekiko jarrera kritikoa zigortzen du

Otegiren adierazpenak bat datoz azken urtean EH Bilduk erakutsitako jarrerarekin, Poliziarekiko kritiko agertu diren herri-mugimenduen aurka egin baitu hainbatetan. Ondarroako (Bizkaia) eta Beasaingo (Gipuzkoa) txosnaguneetan gertatutakoa izan daiteke horren adibide bat: aurreko udan, polizia-indarren presentzia kritikatu zuten bi jai-guneetan hainbat norbanakok eta herri-mugimenduk, eta horren aurrean, polizien ondoan lerratu zen EH Bildu.

Ondarroan, gainera, txosnen antolatzaileek "konpromiso" batzuk hartu behar izan dituzte, "bizikidetza oinarri izango duten jai herrikoiak bultzatzeko"; eta ez hori bakarrik, EH Bilduren udalak txosnagunea zigortu du iaz Poliziarekiko kritiko agertzeagatik, dirulaguntza bat kendu baitio, udalak berak bere web-orrian esan zuenez. Otegik berak iazko irailean egindako adierazpen batzuk gogora ekartzeak interesgarria dirudi egun hauetan: "EH Bilduren errepublikan Polizia egongo da".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/UdalBarriak/status/1957035430148296736