ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/10 10:48

"Espetxealdi iraunkor berrikusgarria" ontzat eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den urriaren 6an, Parlamentuko oposizioko hainbat alderdi politikok bere garaian aurkeztu zituzten helegiteak ukatuta. PPren exekutiboak gehiengo osoz ezarri zuen legea, duela sei bat urte.


Orain, Espainiako Gobernua aldatu den arren, PPk garai hartan ezarritako irizpidea gailendu da Auzitegi  Konstituzionaleko epailetzan, lau botoko aldearekin. Gauzak horrela, hainbat adituren ustez "biziarteko espetxealdia" ekarriko lukeen zigor-modalitateak indarrean jarraituko du Espainiako Estatuan.


Berez, Konstituzioaren aurkakoa


Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluak argi dio "zigor askatasun-gabetzaileak eta segurtasun-neurriak berreziketara eta gizarteratzera bideratuta" daudela ustez. Todo por hacer aldizkari libertarioak azaldu duenez, ordea, "norbait espetxean betiko giltzapetzean, delitugilea gizarteratzeko helburuaz bestelako helburu bat bilatzen ari dira; zigorra, kasu". Areago, espetxealdi iraunkorrak "delitugilea betirako baztertzea" dakarrela dio argitalpenak, "askatasunean bizitza arrunta izateko aukerari uko eginez".


Horren guztiaren arrazoiketa juridikoa ondokoa litzateke: "segurtasun-sentsazioa" eta "biktimen gogobetetasuna" gizarteratze-printzipioaren aurretik lehenestea. Hori gutxi balitz, Julian Rios legelariaren iritziz, biziarteko espetxealdiak "Konstituzioko 25.1 artikuluko legalitate printzipioa" urratuko luke, izan ere, zigorra berrikusgarria den heinean, espetxealdia mugagabe bihurtzen da. "Giza duintasunerako eskubidea haustea" edota "zigor krudel zein umiliagarriak ezartzea debekatzen duten nazioarteko itunei entzungor egitea" ere egotzi izan zaio araudiari.


Konstituzionalaren aitzakia


Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, neurriaren "berrikusgarritasunak" emango lioke gizarteratzeko aukera zein "pizgarria". Europako beste hainbat estatutan antzeko justifikazio bat darabilte, desberdintasun bakarrarekin: Espainiako Estatuan berrikusketak 35 urteraino luza daitezke; beste estatu batzuetan, gehienez jota, hamazazpi edo hemezortzi urte ezartzen dituzte.


Gora doan babes soziala


Azken inkesten arabera,
espetxe-zigor gogorrenek gero eta babes sozial handiagoa dute Espainiako Estatuan. Gainera, gora doaz biziarteko espetxealdiaren erabilera zabaltzea babesten duten iritziak. "Soilik norbaitek horma horien barruan oinak jartzen dituenean, hainbat orduz bada ere, has daiteke ulertzen 20 edo 30 urte giltzapean igarotzea zer izan daitekeen", dio Todo por hacer-ek.


Riosen hitzak ildo beretik doaz: "Botere politikoak betiereko espetxealdiaren proposamenaren oihartzuna jasotzen du, oinarrizko eskubideen nahiz zigorren ondorioen azalpen sozialaren inguruko gogoeta lasaia modu interesatuan baztertuta". Aldizkariak ondorioztatzen duenez, "biziarteko zigorrari aurre egitea populismo zigorzalearen olatu gorakorrari aurre egitea da".

NO HAY COMENTARIOS