AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/25 09:54

Ia bost urte igaro dira jada, 2018ko urrian, garai hartako Krisiaren Seme-Alabak taldeak Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak eraikineko hegal bat birjabetu zuenetik, "hastapen prozesuan zegoen mugimendu berri bati azpiegitura eta baliabide materialak eskaini asmoz". "Mota guztietako oztopo burokratikoak, mehatxuak, bazterketa sozialak, argi eta ur mozketak eta abar ez ziren nahikoak izan gu bertatik ateratzeko; borondate eta determinazio politikoa ezinbesteko faktore izan ziren traba oro gainditzeko", azaldu dute berriki Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek.

Gogora ekarri dutenez, "aurreneko urteetan, azpiegitura lanek hartu zuten jardunaren lehen lerroa". Azpeitian izan zen Euskal Herriko lehenengo Topagune Sozialista, 2019an, eta hori "ezinbesteko bultzada" bat izan zen eraikina egokitzeko. "Ordutik, kasik baliabiderik gabeko mugimendu bat izanik, lan politikorako eta behar espezifikoei erantzuteko proiektuak martxan jartzeko baldintzak sortu dira", Kontseilu Sozialistaren esanetan. Adibide modura aipatu ditu, esaterako, "pandemian Oinarrizko Produktuen Biltegia irekitzea edo Laneko Autofentsa Sarea sortzea".

"Mugimendu Sozialistaren garapen prozesuari lotuta, eraikina Zentro Sozialista izatera igaro zen 2021ean, Mugimendu Sozialistaren beharrei, eta beraz, proletalgoaren interesei erantzuten dion antolakuntza independenteari erantzuten dion erreferentziazko azpiegitura bilakatuz", gogorarazi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Hala igaro zen Esklabak Mugimendu Sozialistak Euskal Herrian duen egoitza politiko eta sozial garrantzitsuenetariko bat izatera.

Azken bost urteetan, Esklabak "eskola bat izan da eskualdeko militanteontzat, zentzu guztietan": "Eztabaida lekua, formakuntzarako espazioa, eskulan zein bestelako jakintzak garatzeko gunea, sozializatzeko eremua", eta abar. Eta ahalmen hori guztia ez da eskualdera mugatu, inondik inora: Euskal Herri osoko Mugimendu Sozialistarentzat izan da aterpe bat. Espazio horrek ahalbidetu ditu Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistaren lehenengo topaketak 2019an, Ikasle Abertzaleaken Eskola Ibiltaria 2021ean, Errakik antolatutako espazioen gaineko langile kontrolari buruzko lehen jardunaldia 2022an, Gedar Telebistaren Burdin Hesia eta Oh Gu Hemen! programak...

Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu dutenez, espazioak bost urte daramatza "sozialismoaren eraikuntzarako azpiegitura eta baliabideak eskaintzen". "Inoiz baino indartsuago gaude datozen erronkei erantzuteko. Eraikina guztiz egonkortu arteko bidean, orain arteko determinazio berdina erakutsiko dugu", adierazi dute.

Ospakizun handia larunbatean

Urteurrenaren atarian, egun osoko ospakizun egitarau bat antolatu zuen Kontseilu Sozialistak joan den larunbaterako, hilaren 23rako. Goizean elkartu ziren Esklabak eraikinean, hainbat tailer egiteko: arku jaurtiketa, graffitiak egiteko tailerra, musika jartzekoa, eskalada eta abar. Eguerdian ikuskizun bat eskaini zuen Txan Magoak, eta, horren ostean, bazkari handi bat izan zen Esklabak aurrean. Arratsaldean zehar, askotariko ikuskizunak izan ziren: skate ikuskizuna, harri-jasotzaileak... Parrillada batez gozatu ondoren, kontzertuetarako tartea egon zen gauean: Istilu eta Manitu taldeak aritu ziren, eguna biribiltzeko.



EZ DAGO IRUZKINIK