AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/23 08:36

Aurreko igandean, hilaren 21ean, izan ziren Eusko Legebiltzarrerako bozak. Hogeita zazpina eserleku lortu zituzten EAJk eta EH Bilduk, hamabi PSE-EEk, zazpi PPk, eta bana Voxek eta Sumarrek. Behin hauteskunde horiek igarota, horiei buruzko balorazio-testu bat plazaratu du Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS).

Parte-hartzea eta espektatibak

Parte-hartzeari buruzko datuei erreparatu die lehenik eta behin. Izan ere, beste behin, "errenta altueneko eremuetan" izan da parte-hartzerik altuena. EHKSren esanetan, "horrek aditzera ematen du hauteskundeetan ezer jokatzen ez delako ideia errotuta dagoela langile-klasearen artean, neurri batean behintzat".

"Egon den abstentzio tasa altuari begiratuta, ikusten da hauteskunde hauek ez dutela aldaketa sakon baten espektatiba sortu jende askorentzat", nabarmendu du: "Bi posizio politikoren arteko ezberdintasun handiak antzematen direnean mobilizatzen da gehienbat jendea, eta oraingoan hori ez da horrela izan".

Bereizteko ahalegin hutsalak

EHKSk gogorarazi du, bestalde, hauteskunde-kanpainan zehar alderdiek elkarren artean "ezberdintzeko ariketa bat" egin dutela; nahiz eta gero, errealitatean, hamaika mailatan "batera gobernatzen duten edota sakoneko aliantzak dituzten euren artean". Elkarren artean bereizteko saiakera hori egin arren, baina, "horrek ez du mobilizazio masiborik eragin" botoa emateko orduan, EHKSk seinalatu duenez.

Iritzi dio, gainera, "hauteskundeen bueltako eztabaidetan hainbat gai ez ukitu izanak asko esaten" duela "alderdi horien ikuspegiez". Horren adibidetzat hartu du, esaterako, "gerrari dagokionez, alderdi horietatik inor ez dagoela NATOren aurka joateko prest"; "ez eta Euskal Herriko ingurune naturalaren txikizioaren aurka ere".

EAJ-EH Bildu

Igandeko bozetako emaitzei dagokienez, zorrotz mintzatu da EHKS: "EAJren beherakada eta EH Bilduren hazkundea 'aldaketa historiko' gisa definituak izan dira azken horren aldetik, joko-zelai politikoa zeharo aldatzen ari dela aldarrikatzeraino. Gauzak, ordea, oso bestelakoak dira".

Izan ere, oroitarazi du "EH Bilduk moderazioaren bidea hartu" duela eta "bere ikuspegia jeltzaleenarekin parekatu" duela hainbat auzitan: "Eredu sozial enpresariala bere egin du, aliantza politiko antzekoak ditu eta, autogobernuari buruzko eztabaidan, funtsean, ados daude". Hortaz, EHKSren arabera, EH Bilduk "gobernu-alderdi baten itxura hartu" du "ohiko hautesle askoren begietara"; "EAJren antzera".

EAJk, bestetik, "urte hauetako higatzea nabari" duela uste du EHKSk, "kapitalismoaren krisia eta horri eman dioten kudeaketa penagarria direla-eta". Ohar argi bat egin dute, dena den, EHKSko kideek: "Ez dadila oharkabean pasatu: hauteskunde hauetan indartuta atera dena autogobernuaren eta integrazioaren ikuspegia izan da, edozein haustura proposamen baztertua izan baita; nazio-auziari dagokionez eta gizarte-ereduaren ikuspegian, besteak beste".

Militantzia politikoaren eta kale-mobilizazioaren alde

Horri guztiari kontrajarrita, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak adierazi du "militantzian eta kale-mobilizazioan oinarritutako politika egiteko eredua berresten" duela; "alderdi instituzional burgesen aurrean, langileon programa defendatuz". Azpimarratu du "langileon eskubide politiko eta ekonomikoen hobekuntzak" ez direla "parlamentuetatik etorriko": "Gerorri egin behar gara gure egoeraren kargu".

EHKSk beharrezkotzat jo du "emakume langileen, gazteen zein etorkinen politikarekiko ikuspegia aldatzea", eta "gaur egungo egoera iraultzeko agente bilakatzea; bai politika ororekiko atxikimendurik sentitzen ez duten horiek bai, oraindik ere, inpotentziara kondenatzen gaituzten alderdiak defendatzen dituztenak".

Garaia "gerrak eta austeritateak ezaugarritzen" dutela gogoan izanda, EHKSk esan du ezinbestekoa dela "langileon alderdi independentea" eraikitzea eta "enpresariekiko eta politikari profesionalekiko independentziaz aritzea". Hala, dei egin du Maiatzaren Lehenerako antolatu duen mobilizazioan parte hartzera. Bilbon (Bizkaia) izango da manifestazioa, 13:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK