AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/15 11:49

Hurrengo astean ospatuko dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistaren 5. urteurrena; irailaren 23an, hain justu. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak aurrez iragarri zuen egun horretan izango zirela urteurrenari lotutako ospakizunak, eta egitarauaren berri eman du jada.

Goizean, 11:00etan hasita, hainbat tailer egingo dituzte Zentro Sozialistan: arku jaurtiketa, graffitiak egiteko tailerra, musika jartzekoa eta eskalada, zehazki. Eguerdian, 13:00etan, ikuskizun bat eskainiko du Txan Magoak, eta horren ondoren izango da bazkaria. Bazkalostean, 16:30etik aurrera, skate ikuskizun bat izango da eraikinetik gertu dagoen parkean, YK Riders taldearen eskutik. Harri-jasotzaileen txanda hasiko da 18:00etan, ikuskizun batekin, eta parrilladaz gozatzeko aukera egongo da iluntzean. 21:30ean, berriz, musika emanaldiei ekingo diete: Azpeitiko Istilu eta Zestoako (Gipuzkoa) Manitu taldeak arituko dira Esklabaken.

Aurreko urtean, urrian ospatu zuten Esklabak Zentro Sozialistaren 4. urteurrena. 3x3 txapelketa, bazkari bat eta musika emanaldiak izan ziren, besteak beste.

Bost urteko ibilbide luzea

Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak taldeak 2018an okupatu zuen Esklabak eraikinaren zati bat, "jaiotzen ari zen mugimendu berri baten espazio gisa". Gaur egun, Mugimendu Sozialistak Euskal Herrian duen egoitza politiko eta sozial garrantzitsuenetariko bat da; Zentro Sozialista bat. "Bost urte daramatzagu Esklabak Zentro Sozialista diziplina militantez eta boluntarioen lan desinteresatuaz aurrera ateratzen. Bost urte daramatza Esklabakek Mugimendu Sozialistaren gotorleku izaten", adierazi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, urteurrenaren harira.

Proiektu eta ekimen ugari ahalbidetzen ditu Esklabak Zentro Sozialistak gaur egun: hainbat lagunen etxebizitzak daude bertan, oinarrizko elikagaien eta produktuen biltegi bat dago martxan, lan-arloko aholkularitza juridikoa eskaintzeko bulego bat dago, bilerak egiteko gelak eta erabilera askotariko aretoak daude, eta abar.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bideo bat argitaratu berri du, Esklabak eta bertako jarduna barrutik erakusteko:

EZ DAGO IRUZKINIK