AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019/11/27 21:27

Metal Enpresen Bizkaiko Federakuntzarekin aurreakordiora iritsi dira CCOO, LAB eta UGT sindikatuak, sektoreko lan hitzarmena aldatzeko. Beharginek uda hasieran abiatu zuten borroka, hitzarmen kolektiboa aldatu zedin. Hilabeteetako greba, mobilizazio eta etengabeko protestei esker, sindikatuek eta patronalak aurreakordioa sinatu ahal izatea lortu dute. Bertan, besteak beste, langileen soldaten igoera jaso dute.

CCOO sindikatuak adierazi duenaren arabera, hitzarmen berriak hiru urteko iraupena izango du. Hala, soldaten igoera ondorengoa izango da: 2019. urtean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) gehi %1,75 igoko dira, eta 2020. eta 2021. urteetan, KPI gehi %1,5.

Soldaten igoeraz gain, sektorean sexuaren araberako lan banaketak eragindako emakumeen debaluazioari aurre egiteko oinarriak jarriko dituzte, nahiz eta atal hori guztiz zehaztu gabe geratu den. Enpresetan berdintasun planak garatzeko berdintasun batzorde bat sortzeko "konpromisoa" hartuko dutela esan dute sinatzaileek.

Aurreakordioko puntuak, baina, lausoak dira oraindik, eta negoziazio gehiago ekarriko dituzte datozen hilabeteetan. ELA akordiotik kanpo geratu da; denbora eskatu du.

Azken orduko akordioa

Azaroa erdialdean, biharko eta ostiralerako grebara dei egin zuten langileek. Astearte amaieran, baina, hitzarmena aldatzeko oinarriak ezarri zituzten sindikatuek eta patronalak; hala, bertan behera geratu dira deialdiak.

Egiari zor, azken hilabeteotan historia egin dute Bizkaiko metaleko langileek. Herrialdean behargin gehien biltzen dituen sektorea da, 50.000, eta etengabe hartu dituzte kaleak. Esaterako, gogoangarriak dira hilabete hasieran BECen egindako protesta, bortizki erreprimitua izan zena; Bilbon (Bizkaia) urria hasieran egindako mobilizazio erraldoia, aste osoko greba arrakastatsua gorenera eraman zuena; edota ekaineko lanuzte eta mobilizazio jendetsuak. Ekainean gutxi gorabehera %80eko jarraipena izan zuten grebek, eta urrian, %85ean kokatu zuten datua.