AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019/11/14 13:45

Aurrera doaz Bizkaiko metalgintzako langileen ordezkarien eta patronalaren bilerak, baina ez da akordiorik mahai gainean. Iragan astean kontraeskaintza bat aurkeztu zuten beharginek, nagusien (FVEM) proposamenari erantzunez. Izan ere, azaldu zuten eskaintza horrek "modu arinean" baino ez zituela hobetzen langileen lan baldintzak.

Dena den, proposamenak ez du lur hartu patronalaren teilatuan, eta ez dute "negoziatzeko borondaterik" erakutsi beharginen esanetan. Hala, blokeoari erantzun diote berriro: zortzi borroka egunera dei egin dute sektorean. Hain zuzen, azaroaren 28an eta 29an, eta abenduaren 4an, 5ean, 12an, 13an, 18an eta 19an, egun osoko lanuzteak egingo dituzte.

Luze doa gatazka. Uda hastear zela abiatu zuten borroka langileek, lan hitzarmen kolektiboaren alde. Maiatza amaieran greba egunak izan ziren, baita ekainean ere. Ikasturte berriarekin heldu dira borrokaldi berriak; irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean greba egin zuten, eta orain, mobilizazioekin jarraituko dute.

Aurreko astean protesta egin zuten beharginek Barakaldon (Bizkaia), BEC zentroaren atarian. Negoziaketetako blokeo egoera salatzea zuten helburu. Dena den, Ertzaintza bertaratu zen, eta borra kolpez desegin zuen elkarretaratzea.

50.000 langile dira Bizkaiko metalgintzan; herrialdean langile gehien biltzen dituen sektorea da.