AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ekainaren 6an Bilboko kaleak hartu zituzten metalgintzako beharginek.
2019/06/17 19:16

Metalgintza sektoreko hitzarmena 2011. urtetik dago berritu gabe. Hitzarmena berritzeko negoziazioetan jarraitzen dute sindikatuek eta Bizkaiko patronalak, eta momentuz, ez dute akordiorik lortu. Beraz, aste honetan ere greba egingo dute metalgintzako langileek; ekainaren 20an eta 21ean, hain zuzen.

Talkak gora

Atzo, astelehena, batzarra izan zuen negoziatzeko osatutako batzordeak. Elkarrizketak hasi zirenetik, 21 bilera egin dituzte dagoeneko. ELA sindikatuaren arabera, Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM) “berriz erakutsi du ez duela asmorik langileen baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat adosteko”. “Mugimendu txiki bat baino ez du egin, tauletako soldaten proposamenean, baina oraindik, eskaera sindikaletatik oso urrun”, azaldu du ELAk.

Hala, FVEMek oraindik ez die erantzun sindikatuek maiatzaren 10ean egindako eskaerei. Are gehiago, oraindik ez ditu mahaira ateratako hainbat puntu aipatu ere egin; esaterako, soldata errealetarako igoerak, subrogazio eskubidea, aldi baterako enpleguak, lanaldi murrizketa, edota berdintasunaren eta lan osasunaren arloak. Malgutasunari eta ezgai agiriei dagokienez, “atzerapausoak liratekeen puntuak mantendu” ditu FVEMek.

Haserrea gora

Maiatzaren 23an, langile gehienek bat egin zuten sindikatuen lehen greba deialdiarekin. Lanuztera deituta zeuden 250 enpresetako 50.000 langileetatik, %70-%80 artean atera ziren kalera. Ekainaren 6an ere kaleak hartu zituzten sektoreko beharginek; %85 ingurukoa izan zen grebaren erantzuna, eta herrialdean erreferente diren enpresa handien ekoizpena etetea lortu zuten, baita enpresa txikiena ere.

Ekainaren 6an lantegietara zihoazen pikete informatiboak identifikatu egin zituzten ertzainek, eta LAB sindikatuak salatu zuen "patronalaren piketeek oldarkor" jokatu zutela. Patronalak deitu zituen ertzainak.

Egun horretan, beharginek mobilizazio jendetsua egin zuten Bilbon (Bizkaia), eta kaleak hartu zituzten. Tentsioa izan zen bertan ere. FVEMen egoitzaren atarian amaitu zuten manifestazioa, eta langileak iritsi zirenerako, bertan zeuden ertzainen patruilak.