AKTUALITATEA
Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) zentroetan, uztailaren 13an ekin zioten greba mugagabeari, eta oraintsu bete dituzte lau hilabete lanuztean. ITASUA enpresak kudeatzen ditu bi lantoki horiek, eta langileek salatu dute gainerako zentroetan baino gutxiago kobratzen dutela (8.000 euroraino, zenbait kasutan) 133 ordu gehiagoz lan egin arren. Enpresaren erantzuna hasieratik izan da, ordea, langileen eskaerei entzungor egitea eta euren eskubideak urratzea. Hainbat grebalariren aurkako neurriak hartu ditu.
Egoera blokeatuta egonda, Bergarako eta Zarauzko langileek agerraldi bat egin dute aste honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta tokiko instituzioei esku hartzeko eskatu diete. ITASUA enpresaren gaineko "kontrol publiko faltaz" ohartarazi dute bertan, ELAren esanetan, eta "lankidetza publiko-pribatuaren eredua" jarri dute zalantzan. "Eredu horrek enpresa pribatuari etekinak lortzeko aukera ematen dio. Langileen lan-baldintzak prekarizatzen diren bitartean, lan-eskubideak urratzen dira eta zerbitzuaren behar bezalako prestazioari buruzko zalantzak sortzen dira", dio sindikatuak. EAJ eta PSE-EE seinalatu dituzte erantzule modura, hain zuzen ere.
Horiek horrela, erakundeei eskatu diete ITASUA enpresaren gaineko kontrola indartzeko eta "langileen eskubideak zein herritarren interes orokorra bermatzeko"; eta Eusko Jaurlaritzari norabide horretan interbenitu dezala galdegin diote, gatazka desblokeatzeari begira.