Emakume bati droga eman eta sexu erasoa egin diote hiru gizonezkok, Barakaldon

Emakumearen etxe berean bizi dira erasotzaileetako bi. Ertzaintzak gizonezkoetako bi atxilotu ditu, eta hirugarrenaren bila ari dira oraindik. Aste honetan, beste lau erasoren berri eman dute Euskal Herrian, gutxienez.
Argazki Nagusia
Eraso baten aurkako elkarretaratzea Barakaldon. Argazkia: Irabazi Barakaldo
2019ko azaroaren 07a

Hiru gizonezkoek emakume bati sexu erasoa egin diote Barakaldon (Bizkaia). Etxebizitza batean gertatu zen erasoa; emakumeak salatu duenez, erasotzaileek droga eman zioten, eta horren ostean egin zioten eraso, taldean.

Emakumea Barakaldon bizi da bikotekidearekin batera, alokairuan. Hain zuzen, errentan hartutako logela batean bizi dira. Etxebizitza berean alokairuan bizi diren beste bi gizonezkok egin diote eraso emakumeari, hirugarren batekin batera. Horretarako, erasotutako emakumearen bikotekidea lotu eta geldiarazi zuten lehenago.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasotzaileetako bi atxilotu ditu Ertzaintzak, eta hirugarrenaren bila ari dira uneotan.

Aste honetan, gutxienez beste lau erasoren berri eman dute Euskal Herrian. Baionan (Lapurdi) gertatu da larriena; emakume bat erail du haren senarrak. Bestalde, Senperen (Lapurdi) gizonezko bat atxilotu zuten duela egun batzuk, urrian 19 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Oreretan (Gipuzkoa), emakume bat erasotu zuen haren bikotekide ohiak, haren etxera joatera derrigortu ondoren. Gasteizen (Araba), emakume bat kolpatu zuen bikoteak, eta aurpegian zauritu zuen.