AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Erasoen aurkako protesta bat Baionan. Argazkia: @BleuBasque
2019/11/05 14:26

Gaur, azaroak 5, 53 urteko emakume baten erailketaren berri eman dute Baionan (Lapurdi). Haren senarrak hots egin zion Frantziako Poliziari, iragan larunbatean, gorpua aurkitu zuela esanez. Erailketaren arduraduna delakoan, atxilotu eta Baionako presondegian espetxeratu dute dagoeneko, eta bi egun barru eramango dute epailearen aurrera. Aurrekariak ditu genero indarkeriarengatik.

Berria-ren arabera, Poliziak ubelduz beteta aurkitu zuen hildako emakumearen hilotza. Oraindik ez dituzte autopsiaren emaitzak argitaratu.

Hamaika eraso

Bestalde, Senperen (Lapurdi) 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten iragan astean, urrian 19 urteko emakume beti sexu erasoa egiteagatik. Donibane Lohizuneko tren geltokiko lurpeko pasabide batean jazo zen erasoa. Neskarengana hurbildu zen gizonezkoa, eta behin ahoa estalita, esan zion "oso polita zela eta berarekin oheratu nahi zuela". Emakumea erasotu izana onartu du jada erasotzaileak.

Hori gutxi balitz, ez da izan azken egunetan argitara atera den eraso bakarra. Pasa den larunbatean, bikotekide ohiari eraso egin zion gizonezko batek, Oreretan (Gipuzkoa). Kasu honetan ere, genero indarkeria dela-eta, aurrekariak ditu erasotzaileak. Emakumearen etxebizitzan sartzea lortu zuen gizonezkoak, behin eta berriz tematuta. Ustezko pistola bat atera zuen bertan, eta emakumeari besoetatik heldu eta ohean etzan ostean, eraso egin zion.

Ostiral goizaldean, Gasteizen (Araba) jazo zen beste eraso bat. 22 urteko gizonezko batek emakume bat kolpatu zuen, eta aurpegian zauritu zuen. Bikote dira.