AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/11/03 11:18

Ostiralean, azaroak 1, emakume batek jakinarazi zuen bikotekideak erasotu zuela Gasteizen (Araba). Olagibel kalean gertatu zen erasoa, goizaldean. 22 urteko gizonezkoak emakumea kolpatu zuen, eta zauritu egin zuen aurpegian.

Poliziak oraindik erasoaren berri ez zuenean, erasotzailearengana hurbildu zen Ertzaintzaren patruila bat, kalean bakarrik zegoela. Hainbat marihuana-poltsa zeramatzan gainean, eta "droga-trafiko delitua" egotzita atxiki zuten ertzainek. Horretaz gain, eskuko poltsa bat ere bazuen ondoan; poliziei azaldu zienez, "bikotekideak hor utzi zuena".

Dena den, zorro horren barruan zegoen mugikorrak jo zuen une horretan. Ertzainek erantzun zuten, eta erasotutako emakumea zegoen telefonoaren beste aldean. Hala, Poliziari jakinarazi zion kolpatu egin zuela bikotekideak, baita bere gauzak berreskuratu nahi zituela ere.

Gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotekideari eraso egitea zein droga-trafikoa leporatuta. Bestalde, emakumea Txagorritxuko ospitalera eraman zuten, artatua izan zedin.