Tubos Reunidosen erosketa-prozesua martxan jarri du jada hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen ari den Gasteizko (Araba) epaileak, eta EITBren arabera, pausoak eta epeak zehaztu ditu jada. Zabalik dago konpainia erosi nahi dutenek interesa erakusteko epea, eta horren ondoren, 30 egun balioduneko epea izango du balizko erosleak, "harremanetarako bisita" egiteko. Hartu-eman horretan, enpresaren lantokiak ezagutzea, diru-kontuetara sartzea eta zuzendaritzarekin nahiz sindikatuekin biltzea aurreikusten da. Horren ostean aurrera egin nahi izanez gero, azken eskaintza bat egingo du interesdunak.
Merkataritza-arloko epaileak aste honetan eman duen autoetako batean, hartzekodunen borondatezko konkurtsoan sartu du jada taldea osatzen duen enpresa nagusia, Tubos Reunidos S. A. Taldearen parte diren gainerako sozietateak konkurtsoan omen zeuden dagoeneko. PKF Attest da konkurtso guztietako administratzailea, EITBk jaso duenez. Taldea osorik saltzen saiatzea omen da asmoa, baina ez dago bermerik momentuz. "Esparru maximora egokitzen diren proposamenak lehenetsiko dira, ekoizpen-unitatearen transmisio bateratua edo konpainia guztien erosketa dakartenak", dio epaitegietatik igorritako testuak.
Ia 265 milioi euroko zorrak eta UCOren miaketak bulegoetan
263 milioiko zorrak ditu Tubos Reunidosek, horietako 150 SEPIrekin. Gainera, etorkizunari buruzko ziurgabetasunari gehitu zaio Aiaraldeko enpresa ustelkeriari lotu izanak: Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboak (UCO) miaketak egin zituen hilabete honen hasieran Tubos Reunidosen bulegoetan, PSOEren ustelkeria kasuei buruzko ikerketari lotuta. Ikertzen ari dira, hain zuzen ere, ea konpainiak modu ustelean jaso zuen dirutza bat pandemia garaian, EAJren bitartekaritzarekin..
Amurriko langileen ia 100 eguneko greba
1.000 enplegu baino gehiago jarri ditu arriskuan enpresako zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsora jo izanak. Konpainiak aurrez mahaigaineratutako erregulazio-espedientearen barruan, Amurrioko (Araba) altzairutegia ixtea eta ia 300 langile kaleratzea aurreikusten zen, besteak beste. Amurrioko plantillak greba mugagabeari ekin zion zuzendaritzaren neurrien aurka, eta 96 egun eta gero eten zuen lanuztea, enpresak hartzekodunen konkurtsora jo ondoren.