AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/20 11:52

Lanuztera jo eta beste protesta bat egin dute gaur goizean Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako beharginek, lantegiaren itxierari ezetz esateko. Ekainaren 17an hasi zen BSHko 650 bat langileen kaleratzeari buruzko negoziazioa, Irurtzunen (Nafarroa), baina gaur egindako agerraldian, han aurkeztutako espedientea atzera bota dezala exijitu dio zuzendaritzari langile-batzordeak.

"Espedientearen justifikazio-txostena guztiz irentsezina da. Kontrako txosten bat egiten ari gara, enpresaren argudioak desmuntatzen dituena, eta zuzendaritzarekin egingo dugun hurrengo bileran defendatuko dugu", azaldu du. Ekainaren 25ean izango da bilera hori.

"Kontsulta-aldiko lehen bilera horretan, zeina, jakina denez, Ezkiroztik 25 kilometrora izan zen eta 23 orduko aurrerapenarekin jakinarazi ziguten, konpainiak modu agerian azaldu zuen bere erantzukizun soziala, legeak ezartzen duen gutxienekoa [langileentzako kalte-ordainei dagokienez] eskainiz", gogorarazi du langile-batzordeak. Seinalatu du zuzendaritzak eskainitako kalte-ordainak ez datozela bat hain "irabazi handiak" dituen konpainia batekin.

Infernua, tortura eta umiliazioa

Dena den, beharginen ordezkariek enpresako zuzendaritzak duela bi urte martxan jarritako deslokalizazio-estrategiarekin lotu dute fabrikaren itxiera, eta salatu dute sei hilabete daramatzatela "infernu" bat bizitzen. Halaxe dio, hain zuzen ere, BSHko plantillak erabiltzen duen eta gaur ere presente zegoen pankartetako batek: "Sei hilabeteko infernua, tortura eta umiliazioa". Prozesuak plantillaren osasuna kaltetu duela diote, eta horrek ekarri duela "absentismoaren gorakada" ere, besteak beste.

"Behin betiko fasean gaude dagoeneko, eta, hilabete baino gutxiagoan, 1.000 familiaren etorkizuna erabakiko da", ohartarazi du langile-batzordeak. Defendatu du, "inbertitzaile bat agertu arte", Ezkirozko lantegiko jarduna mantentzea dela familia horien "etorkizuna bermatuko duen soluzio duin bakarra".

EZ DAGO IRUZKINIK