AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Sexta
2024/02/14 09:07

Argia dirudi Mendebaldetik markatzen ari diren norabideak: etengabeak dira Errusiaren kontrako gerra posible baten aukera indartzen ari diren adierazpenak. Alemaniatik heldu dira azkenak, Alderdi Sozialdemokratako Olaf Scholz kantzileraren ahotik, hain zuzen ere. Ohartarazpen bat egin du berriki, "Errusiaren mehatxuari" eutsita berriz ere: "Ez da bake-garaia".

Horri lotuta, arma ekoizpena eraman du erdigunera Alemaniako kantzilerak. Alemaniako arma industriari eskatu dio ekoizpena azkartu dezala, eta armagintza indartzeko hautua modu sinboliko batean erakutsi du: armak ekoitziko dituen lantegi bat (Rheinmetall enpresa ezagunarena) eraikiko dute Unterlüß izeneko herrian, eta hura eraikitzeko obra inauguratu dute Scholzek berak eta Mette Frederiksen Danimarkako Lehen ministroak.

2025erako eraikiko dute Rheinmetall enpresaren planta berria. Asmoa da, bertan, urtean 200.000 munizio ekoiztea, askotariko armentzat. Horren aurretik, baina, besteak beste Ukrainara bidaltzeko armak modu masiboan egiten jarraituko du Rheinmetallek. Zuzendari nagusiak, Armin Pappergerrek, horixe bera jakinarazi du oraintsu. Esan du, bestalde, gobernuak 15.000 milioi euroko balioa duten eskaerak egin dizkiola enpresa horri 2024rako.

Deia Europa osoari

Eta kantzilerak ez dio Alemaniari soilik erreparatu armagintza hauspotzeko asmo horretan: Europako herrialde guztiei hitz egin die, eta arma ekoizpena "modu masiboan" areagotzera eta azkartzera deitu ditu. "Fabrikaziotik, armak modu masiboan ekoiztera igaro behar gara", esan du Scholzek. Hori guztia, mehatxutzat jotzen dituen "erasotzaileak" (Errusia kasu) atzera botatzeko eta horretarako "konbentzitzeko" egin behar omen da, bere esanetan.

Itxura denez, Scholzek asmoa du, gainera, gobernuaren gastu militarra handitzen jarraitzeko, eta %2koa izan daiteke igoera. Alemaniako indar militarrak "modernizatu" nahi ditu, agintaritzek hainbatetan nabarmendu ostean "biluzik" dagoela Alemaniako Armada, "Errusiaren mehatxuaren" aurrean.

NATO, "erabateko gerra" bati begira

Halako asmoak, baina, ez dira Alemaniara mugatzen, inondik inora. NATO bera eskatzen ari da Europan arma ekoizpena areagotu dadila. Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek urte honen hasieran adierazi du hurrengo 20 urteetan leher daitekeela Errusiaren aurkako "erabateko gerra".

EZ DAGO IRUZKINIK