AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Amnist´ía Internacional España
2022/06/25 11:59

Emakumeek haurdunaldia eteteko zeukaten eskubide konstituzionala bertan behera geratu da Amerikako Estatu Batuetan. Hala erabaki du Auzitegi Gorenak, aldeko sei botorekin eta aurkako hiru botorekin. Hemendik aurrera, estatu bakoitzak arautuko du abortuaren legezkotasuna, baina badirudi 50 estatuetatik 26 direla, modu batera edo bestera —ikusteke dago zein zigor ezarriko dituzten, eta zein egoeratan—, abortatzea debekatuko dutenak. Horietatik hamahiru estatutan, gainera, errepublikarrak buru izanda, berehala sartuko dute indarrean debekua.

Kentuckyn, Louisianan eta Hego Dakotan, esaterako, haurdunaldia etetea debekatuta dago jada, de facto, horretarako legeak lehendik baitzeuden onartuta. Texasen mahai gainean dago abortuak egiten dituzten medikuei biziarteko kartzela-zigorra ezartzea.

Estatu errepublikarretan bizi diren milioika emakumerentzat, beraz, oso zaila izango da jada haurdunaldia gelditzea. Aurreikuspenak bete eta, azkenean, 26 estatutan debekatzen badute abortatzea, 36.000 milioi emakumek galduko dute eskubide hori. Haurdunaldia eten nahi badute, beraz, beste estatu batzuetara mugitu beharko dute; emakume guztiek ez dute, baina, horretarako gaitasuna —adibidez, gaitasun ekonomikoa— izango.

Joe Biden presidenteak esan du, dena den, AEBetako Kongresuari eskatuko diola auziari buruzko lege federal bat promulgatzeko, abortatzeko eskubidea ahalbidetzeko. Abortatzea 1973tik izan da eskubide konstituzional bat AEBetan.

EZ DAGO IRUZKINIK