Aurreko ostegunean, lege-aldaketa bat onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, 8 urtetik gorako adingabeek aukera izan dezaten zezen-ikuskizunetara sartzeko, gurasoen baimen idatzirik gabe. EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek bozkatu zuten alde; EH Bildu abstenitu egin zen (gutxieneko adina 12 urtekoa izan zedila proposatzen zuen), eta Sumarrek aurka bozkatu zuen. 8 urte beteta dituzten haurrak sokamuturrera eta bestelako ikuskizunetara joan ahal izatea erraztuko du neurriak.
ElDiario.es-ek jaso duenez, zezen-ikuskizunen zaleek eta hainbat abeltzainek (Euskal Larrabehi Elkarteak, Euskal Zezenzale Elkarteak eta ENBA sindikatuak esaterako) aldaketa txalotu dute, "belaunaldiarteko erreleboa bermatzen" duelakoan. Iaz iragarri zuten neurria EAEn, eta aurreikusten bazen ere adingabeek gurasoen baimena beharko zutela ikuskizun horietan barrura jauzi egiteko eta parte hartzeko, azkenean, ez dute halako derrigortasunik ezarri. Gainera, animalien ongizatea bermatzeko beterinarioen figura desagerraraziko dute, eta ez dituzte antolatzaileak horretara behartuko. Zaleek eta abeltzainek argudiatzen dute beterinario falta dagoela.
Animalien aldeko dozenaka kolektibok lege-aldaketa kritikatu dute, eta aipatutako komunikabidearen esanetan, azaldu dute "lotsa" sentitzen dutela Legebiltzarrak onartutako azken neurria dela-eta. Auziak eztabaida sortu du berriz, Eibarko Udalak, PSE-EE buru duela, sokamuturra berreskuratu baitu aurtengo sanjoanetan; animaliei eragiten dien sufrimenduagatik sarri seinalatutako praktika bat. Hego Euskal Herri osoan, askotariko alderdiek gobernatutako udalerrietan izaten dira zezen-ikuskizunak oraindik ere; EH Bilduk, adibidez, aitortu du "kontraesanak eta zalantzak" sortzen dizkiola auziak.
Legegintzaldi honetan, oraingo lege-aldaketa onartu duten alderdi berdinek (EAJ, PSE-EE, PP eta Vox) beste neurri bati egin zioten bide, ehizako hainbat jardueratan adingabeek parte hartzeko.